Jon Alvarez Forcada (Lezo)

EAJ, Txillardegi eta Mandela

1960 inguruan ez zen giro Euskal Herrian. Gerra Zibila galdu zen, Euskal Gobernua erbestean zegoen, eta Francoren diktadura, gorenean. Errepresio bortitzaren ondorioz, EAJ isilik zegoen; etsipena eta beldurra ziren nagusi. Hego Euskal Herriak hondoa jo zuen politikoki. Ez zegoen mugimendurik, dena geldirik, hilik, ez zegoen ezer.

Harik eta abertzale adoretsu zenbaitek Euskadi Ta Askatasuna sortu zuten arte. Iluntasun politiko hartan, itxaropenaren argia izan zen abertzale askorentzat. Etorkizunari begira, gauzak alda zitezkeen seinale baikorra zen, esperantzagarria.

Hasierako ETAk ez zuen borroka armatuaren planteamendurik ere. Euskara irakatsi, ikastaroak eman, propaganda politikoa zabaldu, gazteak formatu, eta abar. Txillardegiren armak luma zorrotza eta buru nekaezina izan ziren. Ezin da Euskal Herria ulertu bere ekarpen izugarria kontuan hartu gabe: euskara batuaren arima da, nobelagintza berritzailea, artikulista luzea, fonologian katedraduna, idazle oparoa eta abar.

Garai berean, Nelson Mandelak borroka armatuaren alde egin zuen Hegoafrikan. Bera izan zen Nazioaren Lantza gerrillaren sortzailea (11.000 gudari izatera iritsi zen) eta baita bonba atentatuak agindu zituena ere, adibidez.

Biak joan zitzaizkigun urtebeteko aldearekin (2013-2014). Hala ere, PNVko buruzagiek oso desberdin hitz egiten dute bataz zein besteaz. Honatx:

Anasagastik: Nelson Mandelak nire miresmen eta errespetu osoa dauka, duintasunaren eta giza kalitatearen eredu baita.

Ortuzarrek: inspirazioa da Mandela bakea betiko ezarri nahi duenarentzat.

Urkulluk: Mandela elkarbizitzarako eredua izan da.

Txillardegi eta Mandela bake-gizonak izan dira beti, zalantzarik gabe. Ibilbide politikoak ikusi besterik ez dago. Egoera politikoek bultzatu dituzte unean uneko erabakiak hartzera.

Zergatik dio orduan horrelako arbuioa EAJk Txillardegiri? Bada, gizon askea izan zelako, lerrokatu ezina, antiaparateroa, batere instituzionalista ez zena. Hori ez dio sekula barkatu.

Bukatzeko, Bingen Zupiria Kultura sailburuak Txillardegiren zuritzea Martin Villa Francoren ministroarenarekin konparatzea penagarria, lotsagarria izan da. Eta EAJ isilik, Francoren garaian bezalaxe.

Buscar