Egun ona izan dezazula
Inshallah, Anas.
Abuztua da. Iratxen bildu gara, Iurramendi igotzeko. Gudarienetik baino, gurutzeen bidetik (via crucis) ekiteko gomendatu digute.
Berbagai, Gazako egoera. Israelek, genozidioa gauzatzeaz gain, honen kontaketa ere isilarazi nahi du: ia hirurehun kazetari erail ditu; Al Jazeerako Anas al-Sharif, tartean.
Bazekien Anasek bere herriaren alde egiteak zekarkion arriskuaz; eraila zenerako, idatzia zeukan mezua. Sarri aipatzen du Allah.
Fededuna zen Anas.
Iurramendi gailurrera iristen ari gara. Jesukristo beltz bat dago milaka karlisten bilgune izan zen mendian. Fededunak ziren; Zumalakarregi buru, herria defendatu zuten; askok bizitza galdu ere bai. Anasek bezala.
Bandera palestinarra konplexurik gabe haizatu dugu. Beren izaera erlijiosoa ez da aitzakia. Beren gizarte eredua ere ez. Herri baten biziraupena dago jokoan.
Iruditzen zaigu, baina, bestelako betaurrekoz begiratzen diogula geure erresistentzia indarrari: independentzia garaietako Nafarroako Erresuma defendatu zutenak monarkikoak zirela; konkistatuak izan ondorengoak, berriz: Zumalakarregi, fededuna; Arana, arrazista; abertzaleok, atzerakoiak. Orain, berriz, euskaltzaleok, burges pribilegiatuak omen. Zenbat «baina» gure borrokari! Zenbateraino asimilatuak gauden! Nondik datoz «baina» horiek guztiak? Ideologikoki, ba ote da gure askapen borrokarako espainiar zein frantziar ezkerreko intelektual errepublikanoa baino iturri pozoitsuagorik?
Inshallah, Anas, palestinar belaunaldi berriek zuen borrokaren funtsa ulertu eta bere egingo duten! Israelek zabalduko duen pozoia irentsi gabe, zuen borrokari «baina»-rik bilatu gabe. Esana digu geuri ere Lauaxetak, eraila izan aurretik: dena emon behar jako maite den askatasunari.
Berriki Espainiako Vuelta gelditu dugu Bilbon, palestinarrekiko elkartasunez. Noiztik ez dugu, baina, Ebron geldiarazi? Urriaren 4an manifestazio nazionala antolatu dute Palestinarekin Elkartasunakoek.
Bandera nazionalik eramango al dugu, palestinarrei elkartasuna adierazteko?
Herri zapaldutik, elkartasuna herri zapalduari: Nabarratik, Palestinara.
Abuztura bueltatuz, nolatan baztertu genuen gudarien bidea via crucis-a egiteko?