EH Bildu koalizioari, esker onez
Lagunok:
Ez dakit hitz hauen bidez lortuko dugun egokiro adieraztea zuenganako errekonozimendua eta esker ona, egindako lan eskergagatik. Nahiko genuke geure maitasuna helaraztea eta zuek maitatuak sentitzea.
Hasteko, ezin ahaztu 2011n hartu zenuten ardura eta erronka berriei eusteko erakutsi zenituzten ilusioa eta adorea. Ilusio kutsagarria, dudarik gabe, indarra eman zizuena eta gainerakooi ere bai, zer esanik ez, ekiteko gogo handia.
Baina, zuen zintzotasunak eta bestelako politika egiteko determinazioak politikagintza beste modu batean ulertzen duten taldeetan sorrarazi zuen erantzuna ez zen makala izan, inondik inora. A zer kanpaina jarri zuten martxan, hasieratik bertatik! Ukapen-kanpaina gogorra. Zuek ekimen edo proposamen bat aurkeztu, eta eurek beti kontra. Halere, eredugarria izan da arazoak konpontzeko erakutsi duzuen ausardia eta jarrera adostailea.
Eredugarria izan da Donostiako Udal Gobernuan eta Gipuzkoako Diputazioan aurrera eraman duzuen politika, parte-hartzea sustatuz, arazoen aurrean soluzioak bilatuz, jendearengana hurbilduz eta beraiekin batera konpontzen saiatuz. Arazo handiak sortu direnean ere, aurre egin diezue, eta azkar eta modu positiboan erantzun duzue. Talde-lanean aritu zarete, bide berriak ireki dituzue; adibidez, zergak direla edo gardentasuna dela, herritarrekin bilerak burutu dituzue, parte-hartzea bultzatuz. Eta, bereziki frogatu duzue, bestelako politika bat egin daitekeela, justuagoa, berdintasunean eta pertsonengan oinarritua. Horrez gain, euskarak eta euskal kulturak duten egoeraz oharturik, azpimarratzekoa da zuen ekinbideak hartu duen garrantzia. Gainera, sentikortasun handia erakutsi duzue jendarte patriarkal eta kapitalista honek ekarri dizkigun egoera injustu eta tamalgarriarekiko. Halaber, partaide izan zarete zenbait gatazkaren soluziobidean, langileen baldintzak hobetze aldera. Eta azkenik, bakegintzari eta elkarbizitzari dagokienez, Aieteko konferentzian ere izan zineten eta biktima guztiekiko begirunea izan duzue.
Hobetzerik badagoela? Bai horixe! Baina ez dugu dudarik egiten egindakoak balioko digula pauso handiagoak eta ausartagoak emateko.
Gure errekonozimendua eta esker ona,