Iraitz Lazkano Garitaonandia | Elgetako alkatea

Eitzagako isurtegiaren inguruan gutun irekia

Hamabi egun igaro dira Verter Recycling zabortegian luizia gertatu zenetik, eta Joaquin eta Alberto beharginak harrapatu zituenetik. Ondoren, sua hartu zuen zabortegiak. Denak ez badira ere, gertatutako nagusiak azaldu nahi nituzke.

Otsailaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak lehenengo aldiz deitu zuen koordinazio batzarra, eta Eibar, Ermua eta Zaldibarko alkateak gonbidatu zituen. Horren berri izan orduko, eskaria egin genuen bilera horietan parte hartzeko, Elgetak zabortegiarekin muga egiten duela azalduz. Prestutasuna dugu parte hartzeko, ahal dugunean laguntzeko, eta informazioa zuzenean jaso nahi dugu, herritarrak ganoraz informatu ahal izateko. Ez dugu erantzunik jaso oraindik.

Otsailaren 12an, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailekin jarri ginen harremanetan, eta Elgetan ere airearen kalitatearen neurketak egiteko eskatu. Izan ere, 12an eta 13an haizeak iparraldetik jo zuen, eta kea eta usaina nabarmenak izan ziren. Horrekin batera, berriz ere eskaera egin genuen koordinazio mahaian parte hartzeko.

Harrituta jaso nuen herritar baten deia, arratsaldean auzo-gune baten airearen kalitatearen neurketak egiten jardun zutela esanez. Gero Twitter bidez irakurri genuen, Elgetan ere izan zirela neurketak egiten. Ez genuen inolako abisurik jaso.

Ostiralean ere, otsailaren 14an, Elgetan nabarmena zen ke usaina. Iluntzean bide ez ofizialen bitartez jabetu ginen, inguruko herrietan egindako neurketetan dioxinak eta furanoa antzeman zituztela. Osasun sailak eginiko gomendioen berri ere, sare sozialen bidez izan genuen. Ez deirik, ez mezurik, ez erantzunik.

Larunbat goizean, larrialdi zerbitzukoekin jarri ginen harremanetan, dioxinak eta furanoa zirela eta kezkatuta. Zaldibar, Ermua eta Eibarren kea toxikoa bada, Elgetan ez? Zabortegitik 500 metrora bizi diren herritarrei zer erantzun? «Lasai, dioxinek eta furanoak badakite muga non dagoen...»? Larunbatean bertan, iragarpenek zioten astelehenean eta asteartean (otsailaren 17an eta 18an) haizeak ipar ukituarekin joko zuela.

Beraz, kea Elgeta aldera etorriko zela jakinda, egun horietarako beste herrietan egindako gomendioak (leihoak itxita izatea eta aire librean kirolik ez egitea) geure egin genituen.

Gaur entzun ditugu Elgetari buruz lehen aldiz hitz egiten. Telebistaz. Elgeta gonbidatuta omen dago koordinazio mahaira. Elgetan egingo omen dute informazio bilera. Hori guztia, elgetarrak kontuan izan gabe, Elgetako Udalarekin harremanetan jarri gabe. Ez dugu inolako gonbidapen edo jakinarazpenik jaso. Etsigarria. Elgetarrok ez dugu hau merezi.

Azkenik, nola ez, besarkada potolo bat Joaquinen eta Albertoren familiei. Besarkada potolo bat zabortegi horretan arriskuan lan egin duzuenoi, eta lanean diharduzuenoi.

Buscar