Eneko Sierra Ortiz de Urbina

Ekologia politikoaz

2024ko udaberria. Hauteskunde eguna. Etxeko ohitura diren siglen papera hartu eta gutunazalean sartu dut. Igandea izan arren, hara abiatu naiz, eguneroko lantokira, irakasle jarduten naizen institutura. Oraingoan eguneroko ikasle mordoa topatu beharrean, jende-multzo bitxia besterik ez dut topatu, gure seme-alaben eskolekin, eta era berean, institutu plublikoarekin inolako erlaziorik ez duen jendea. alegia. Tartean, ikasleren baten gurasoren bat topatu dut eskaileretan behera, baina gehiengoa ez, kalean gurutzatzeko moduko jendea, baina testuinguru horretan lekuz kanpo dagoena. Euskararen inguruko kanpainez beteriko kartel eta gure ikasleek egindako mural, mapa edo irudi koloretsuen artean, mundu guztia arrotza da ene instian.

Ikasgelan sartu naiz, giro bitxia, egunerokoarekin zer ikusirik ez duena. Jende serioa, grisa. Euskara gutxi entzuten da gaurkoan, eta denak oso antzekoak dira, astegunetako kolore eta jatorri aniztasuna faltan somatzen dut. Bakoitzak soinean bere alderdiaren ikurra darama, hori da kolorea duen gauza bakarra. Ilaran jarri naiz, eta momentu horretantxe bihozkada izan dut. Zertan nabil? Zeintzuk dira hor dauden horiek? Zer ikusirik dute horiek guztiek nire egunerokotasunarekin eta ikas-eremu? Batzuek, eskuartean daramaten larrosa hori, errosario batekin ordezkatu badute; Legezarra defendatzen dutenek, hezkuntza lege berrian patrikarako interesa besterik ikusten ez badute; zirkuluetan zebiltzanak, oraindik ere biribilaren irteera eta iparra topatu ez badute; gorrietan gorrienek, kolore bereko moketaren bidearen hautua egin badute... zertan nabil ba?

Orduantxe urrats bat atzera egin eta eskuan neukan sobrea edukiontzi urdinera jaurti dut. Gaur egingo dudan aukeraketa onena izango den susmoa daukat. Pentsakor etxerako bidea hartu dut, instian sentitutakoa irentsi ezinik.

Eguerdi aldera haurrekin kalera atera eta eskolako guraso batzuekin geratu gara. Goizekoa ameskaiztoa izan ote da? Auzoko eskaparate batetik pasatu eta istant horretan ohartu naiz gaur gertatutako guztiaz. Eskaparateko ispiluan ikusten dudan tipo ezagun horrek goizean jarri duen Euskal Eskola Publikoaz Harro kamiseta arrosa darama soinean.

Buscar