Xanti Begiristain Madotz, Auritz. Nafarroa

Elebitasuna

Honela definitzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak elebitasun hitza: iz. Elebiduna denaren nolakotasuna; bi hizkuntza elkarrekin gertatzen diren egoera. 

Teorian, ulertu nahi dugu, elebitasun orekatu batean bizi garela, hau da, bi hizkuntzak maila berean daudenean, eta, eskubide eta betebehar berberak dituztenean. Baina Espainiako eta Frantziako konstituzioek, beren hasierako artikuluren batean diote, espainiar eta frantziar guztiek, eskubidea izateaz gain, behartuta ere daudela, norberak hizkuntza horiek jakitera, hau da, Hegoaldekoek espainiera nahi eta nahi ez jakin behar dutela, eta, Iparraldekoek frantsesa. Euskara ez daude/gaude behartuta jakitera, nahiz eta hemengo hizkuntzarik zaharrena izan, baina kanpotik ekarri eta konkisten bidez inposatutako hizkuntzak (frantsesa eta espainiera), horiek bai, alegia, ikastera eta erabiltzera bortxatuak gaude. 

Horrexegatik ikusten dugu, jende asko bizi dela lasai-lasai Euskal Herrian batere euskara jakin gabe. Horra hor, lehenengo desberdintasuna eta desabantaila. Txillardegik zioen ezinezkoa zela benetako elebitasuna existitzea, eta, nik uste dut arrazoi osoa zuela. 

Dena den, orain arte nahiko geldirik egon badira ere euskararen aurkakoak (CCOO, epaile batzuk eta abar), azken urteotan, ikusten da esnatu direla eta ez dutela onartzen inondik inora ere, euskara espainieraren maila berean egotea, eta, horregatik hasi dira, ia-ia astero, eskubideren bat kentzen euskarari eta euskaldunei, noski. Borroka latza egin beharko dugu euskara aurrera atera nahi badugu.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Buscar