Elikadura subirautzan arrantzaren defentsa
Urteak daramatza LABek Euskal Herriko arrantza sektorearen egoera larriaz ohartarazten. Arrantza gure itsas portuetan jarduera ekonomiko garrantzitsua izan da hamarkadetan zehar, gizarte eta kultura aberastasun handiak ekarri ditu, baina egun galbidean da.
Zientzialarien planifikazioen araberakoa, kontrolatua, arduratsua eta jasangarria beharko lukeen harrapaketaren aurrean, harrapaketa indiskriminatua gailendu da, eta horrek errentagarritasun gutxi ekartzen dio sektoreari.
Euskal Herriko arrantza sektorean azken hogei urte hauetan itsasontzien %70 desagertu da.Kontsumitzen dugun espezieen %60 atzerritik ekarritakoa da. Aurtengo urtean gure arrantzaleek arrain asko arrantzatzeari utzi behar izan diote, kabanetan saldu ezinik ibili direlako. Zailtasun guztiei gehitu behar zaie, gainera, soldata finkorik ez izatea. Ondorioz, gero eta jende gutxiago dago arrantzan aritzeko prest.
Gure herriaren ekonomiaren eta elikadura subiranotasunaren ardatzetako bat da arrantza, eta elikadura subirautza lortzeko bidean ezinbestekoa dugu bere defentsa egitea. Horregatik, arrantza sektorearekin lotura dugun eragile guztiok eta, orohar, euskal jendarteak, larunbat honetan ‘Elikadura herritarron eskubidea’ lelopean egingo den manifestazioarekin bat eginez, hitzordua dugu Bilbon. Bermatu dezagun denon artean Euskal Herriaren elikadura subirautza.