Eliza eta euskara Sestaon
Euskalduna ba zara, sobera zaude Sestaoko elizan; «euskaraz ez da ezer egiten, lehen meza bat zegoen, baina kendu zen» dio abade euskaldun batek. Hiru hileta ziren Santa Marian, partaideen erdia baino gehiago euskalduna, baina besteena da legea. Berriki Munillak jartzen zuen «insuficiente»-ari nik «muy deficiente» baino txarragoa ematen diet gotzainei zein zenbait abaderi, euskal herritarren eskubideei trufa egiten dietelako, arrotzena inposatuz... Ez mezua, ez eta mezularia ere, ez dira euskaldunentzat.
Sestako ikastetxeetan D eredua da nagusi, A eredua erresiduala baita. Nori dagokio zuen fede-transmisioa? Elkar onuragarria duzue benetan, botere «politikoen» arteko kolaborazioa. Diktadurarekin oso ondo joan zen eta horrela doa ere deribatuekin; elizetan ez dira falta sinbolo frankistak (Gasteizeko katedral berrian, Liendoko eliza-atarian ikusi dut azken bitxia, etab.) Elizako «artzainek», noiz aldarrikatuko duzue giza-eskubideen defentsa? Noiz errespetatuko duzue herri baten identitatea eta are gehiago herritartu? Noiz eskatuko diozue etorkinari abegi-herriarekiko integraziorako konpromezua, hizkuntzaren ikasketatik hasita? Ilunpean nahi gaituzue eta horrela ulerterrazagoa zait eman zenigun agurra, Fidedigno: ’Buenas noches’.