Xabier Sánchez Aguirregomezcorta, Errenteriako Elkarrekin Podemos-IUko zinegotzia

Emantzipatzea amets hutsa denean

Duela aste batzuk aurkeztu genituen Errenteriako Udaleko Gazteria Sailaren emantzipaziorako laguntzak gazteekin hartu dugun konpromisoaren parte dira; izan ere, hainbat azterlanen arabera, 18 eta 34 urte bitarteko biztanleen kezka nagusietako bat da etxebizitza lortzeko aukerarik ez izatea. Estatistika horiek berek erakusten dute Euskadin gazteen emantzipazioa berandu gertatzen dela Europako gainerako lurraldeekin alderatuta.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak duela gutxi adierazi zuen Euskadin, bilatuz gero, 800 euroko alokairua dagoela. Errealitatea oso bestelakoa da. Kopuru hori, Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programako laguntzak jasotzeko ezarritako muga dela, Euskal hiriburuetako alokairuen batez bestekoa baino txikiagoa da, Donostiakoa nabarmen baxuagoa izanik.

Arriola jaunak uste duenaren aurka, gazteen emantzipazioaren arazoa konpontzetik oso urrun dago. Alokairuen prezioarekin, prekarietatearekin edo enpleguaren behin-behinekotasunarekin zerikusia duten faktoreek baldintzatu egiten dute gazteen aukera bizi-proiektu bati autonomiaz ekiteko.

Kaltetuek oraindik ere ikusten dute etxebizitza eskuratzea dela independentzia lortzeko oztopo nagusia, eta horrek erakusten du eremu horretan egiten diren politikak ez direla nahikoak.

Jakina, arazo larri horri erakundearen maila guztietatik heltzeko neurriak hartu behar ditugu, baina egia da, era berean, badirela neurri eraginkorragoak, eta horiek guztiz aplikagarriak direla.

2015eko Euskal Etxebizitza Legean agertzen den alokairuen prezioak mugatzeko aukera edota indarrean dagoen Etxebizitzaren Gida Planean aurreikusitako alokairuko parke publikoaren handitzea, adibidez. Eusko Jaurlaritzak tresna hauek eta eskura dituen beste batzuk garatzea interesgarria izango litzake gazteek emantzipatzeko orduan izaten duten etsipenari aurre egiteko.

Buscar