… ere bai
Bihotzaren prentsan ez dakit harreman horren gainean zer edo zer aipatuko duten, baina ez omen dago giro. Izan ere, oraintsu arte Euskadik zer edo zer ona izan baldin badu, egonkortasunarena izan da. Arazo txiki-handia (lanik ez, osasunez makal, bikotekidearekin gaizki…) genuela, ez ginen kezkatzen, ez genuen psikiatra, psikologorengana jotzen; etxetik mugitu gabe ETB piztu (euskaraz zein gazteleraz), eta kanpoko arazoak alde batera utzita, gurean beti aterri. Zentzu horretan pribilegiatuak (izan) gara. Baina oraingo gaiztotze honek, ez dakit, bada, giro aldaketa ez ote duen ekarriko. Batzuek benetako maitasuna zalantzatan jartzen badute ere, «Nik ez nuke esango elkar maite dutenik», «Ezta gaizki konpondu ohi direnik ere», interes handiak dituztela harremanari eusteko begi bistakoa da. Halarik ere, erlazioetan, bizitzan bezala, dena ez da iji, dena ez da aja. Gainera, opor sasoia ez da ona. Haserrealdi gehienak udaldian dira, antza, eta hori oso nabarmen gelditu da beraien artean. Nahikoa izan da keinu txiki bat (Gürtel afera) besteak haserretzeko, zozoak beleari ipurbeltz, gogorazteko: «Gu, bai, baina, zuek… ere bai».