Ane Barruso | Aranzadi Ikastolako zuzendaria

Eskerrik asko!

Joan zen igandean Bergarako Kilometroak jaira hurbildu ziren milaka eta milaka herritarrei eskerrak eman nahi dizkiet Kilometroak 2016ren izenean. Eskerrak eman nahi dizkiet, era berean, modu horretako jai erraldoia aurrera ateratzeko lanean aritu ziren 1.500 boluntariotik gorari. Ikuskizunetan, hasierako ekitaldian, omenaldian…, parte hartu zutenei. Zirkuituan barrena postuak jarri zituztenei…

Herritarrekin antolatuko genuela esan genuen eta hala egin dugu urte guztian barrena; baita igandean ere. Zuek, herritarrak, herri eragileak, izan zarete protagonista: parte hartzen, antolatzen, muntatze eta desmuntatze lanetan…

Bergarari, Debagoienari, Gipuzkoari, Euskal Herriari, egin diogu, egin diozue, aisialdi eskaintza erakargarria eta jendeak erantzun egin du. Gure aurreikuspenen gainetik.

Ez da aparteko arazorik sortu, dena ondo bidean joan da, dena zegoelako ondo antolatuta. Helburuak bete dira. Sozialak eta ekonomikoak. Milaka herritarren ekarpenek Aranzadi Ikastolan proiektu pedagogiko berria abiatzeko, eraikinean egindako obrak ordaintzen lagunduko digute.

40. edizioa izan da aurtengoa. Asko aldatu da jaia, sorrerako izpirituari eutsi arren (euskara eta ikastolak laguntzea) 1977ko Beasaingo Kilometro hartatik. Etengabe jaia berrasmatzen dihardugu eta aurrerantzean ere hala izango da, abiatu dugun Kilometroak bidea hausnarketa prozesuari esker. Dena ez dugu ondo egin eta hobetzen lagunduko digute txarto eginek. Datorren urtean hobeto. Zorte on txantxikuarrei.

Buscar