Ibai Erro Lana | Xabier Reyren kuadrillaren izenean

Eskerrik asko, Antxo

Xabier Reyren kuadrillaren izenean hitz batzuk helarazteko behar eta gogoarekin sentitu gara. Une oso latz eta gogorrak izan dira. Lehenik eta behin, Antxoren heriotzak sortutako mina pairatu duten pertsona guztiei animo eta besarkada iraultzaileak bidali nahi dizkizuegu.

Esan bezala, momentu benetan gogorra da guztiontzat. Norberak bere prozesua darama eta norbere sentimenduekin dantzan dabil; gorrotoa, mina, ezinegona...

Deskribaezina da Antxoren heriotzaren berria izandakoan jasotako kolpea. Bat-batean denbora eten zen sentsazioa orokorra izan da gure artean.

Izugarria familiaren ondoan Cadizen izan ginenok bizitako uneak eta izugarria ere Euskal Herrian telefonoaren bestaldean zain ginenontzat erantzunen zain. Bukaezinak orduak, Antxoren gorpua Etxera ekartzeko bidean.

Ondoren egun intentsoak heldu ziren. Esan behar dugu sentitutako min eta gorrotoaren tamaina berekoa izan dela jasotako maitasun eta babesa, Antxoren kideen senideengandik hasita. Jende uholdea sekulakoa izan da, benetan hunkituta eta ukituta egonagatik, guregana eta familiarengana hurbildu eta minean lagundu gaituztenak.

Joder, Antxok flipatuko zuen kaleko erantzunarekin eta baita pertsona askoren kontzientzian bere heriotzak sorrarazi duen astinduarekin ere.

Guretzat Antxoren familiaren jarrera eta jokaera funtsezkoak izan dira prozesu guztian zehar. Itzelak dira, gure Antxo zen bezala, eta norberak behar zuen agurra emateko erraztasun guztiak eman dizkigute. Azken agurrean ere hala izan zen.

Eta orain... Orain hutsunea. Hutsunea besterik ez da gelditzen, sakon-sakona. Bizitzak aurrera darrai eta batzuei benetan zaila egiten ari zaigu egunerokotasunari aurre egitea. Antxo gure bizitzaren parte bat zen, parte inportante bat. Gure historia eta ibilbidearen osagai garrantzitsua. Gure orainaren beste protagonista bat, bat-batean, ez dagoena, gure etorkizunean fisikoki egongo ez dena. Zaila da mila aldiz aurreikusi dugun bere bueltaren egunarekin pentsatu behar ez izatea, zaila paper txuriaren aurrean jarri eta sekula jasoko ez dituen hitzak botatzea.

Baina besterik ez da, besterik ez dago, eta Antxo handiaren oroitzapenarekin gelditu beharko gara. Zorionekoak sentitzen gara bere lagunak izan garelako. Pribilegiatuak berarekin igarotako uneengatik, konpartitutako konfidentziengatik. Eskerrik asko, Xabi, eskerrik asko, Antxo.

Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu azken urteotan bere ondoan egon kide guztiei, berarekin barre egin eta haserretzeagatik, berarekin negar egin eta poztasunez lehertzeagatik. Garrantzitsuak izan zarete bere bizitzan.

Eta besterik ez. Aurrera jarraitzeko indarrak berreskuratu eta eutsiko diogu goiari, Antxok nahi izango lukeen moduan. Berak esango lukeen bezala... Eurre!

Buscar