Espainiar trantsizioa eta Kataluniako prozesua
Kataluniak autodeterminazio-eskubidea gauza dezan nahi ez duten alderdiek behin eta berriro esaten dute hau Zuzenbideko Estatua dela, Konstituzioa errespetatu behar dela, legerik gabe ez dagoela demokraziarik... Autodeterminazioaren alde dauden espainiar alderdiek, berriz, ez dute hurrengo igandeko bozketa erreferendumtzat hartzen, mobilizaziotzat baizik, ez delako Espainiako Gobernuarekin adostua izan. Haiek diotenez, Konstituzioa aldatu behar da bozkatu ahal izateko, baina posible al da Gorte Nagusietan bi heren izatea horren alde? Galdera honi erantzuna emateko beharrezkoa da gogora ekartzea nolakoa izan zen espainiar trantsizioa.
Ia 40 urteko diktadura faxista bat ondoren, Adolfo Suárezek trantsizioa jarri zuen martxan erregimenaren (eta Francoren) xedea zein zen aintzat hartuz: Espainiaren batasuna eta monarkia mantentzea. Honela, 1977an hauteskunde konstituziogileak deitu ziren, baina Espainiako Alderdi Komunistak Francok aukeratutako estatuburua ontzat hartu behar izan zuen hauteskundeetan parte hartu ahal izateko, eta Euskadiko Ezkerrak ere bere ildo ideologikoa aldatu behar izan zuen onartua izateko. Hori gutxi balitz, Juan Carlos I.a erregeak, gorte frankistetan bozkatutako Erreforma Politikorako Legeari jarraikiz, 41 senatari aukeratu zituen. Beraz, trantsizioaren legitimitate demokratikoa, gutxienez, eztabaidagarria da.
Kontua da gerra zibila galdu eta diktadura gogor bat pairatu ostean ezkerra erraz konformatuko zela, alderdi nagusien arteko adostasuna erraztuz. Hauxe da, hain zuzen ere, Gorteetan bi hereneko gehiengoa osatzeko posibilitate bakarra: diktadura bat atzean uztea; bestela ezinezkoa litzateke espainiar komunistek monarkia onestea. Norbaitek Alberto Garzón imajina dezake «Felipe de Borbón herritarra» erregetzat onartzen?
Baina gatozen harira, zergatik esaten dute Espainiaren batasunaren aldekoek Konstituzioa aldatu behar dela katalanek edota euskaldunok bozkatu ahal izateko? Badakitelako ezinezkoa dela horrelako gehiengoa lortzea, eurak izan baitziren atariko titulua aldatzeko halako gehiengoa beharko zela ezarri zutenak dena «lotuta eta ondo lotuta» gera zedin, Francok nahi zuen moduan.
Hortaz, ez dago besterik. Erreferendum adostua utopia hutsa da. Katalanek aldebakartasunez erabaki behar dute, hori baita autodeterminazioa. Podemos eta IU kontserbadoreak izaten ari dira gai honi dagokionez. Ez dira U1eko erreferendumaren garrantziaz jabetzen. Kataluniak autodeterminazio-eskubidea burutzea lortzen badu, erregimen osoa kolokan geratuko da, eta orduan gainerako estaturik gabeko nazioek eta Espainiak berak ere 78ko erregimena behingoz atzean uzteko aukera historiko ederra izango dute. Erregimen frankistarekiko behin-betiko haustura posible da, eta lehendabiziko urratsa Kataluniako prozesua babestea da.