Eider Garde Mazkiaran

Espedientea ireki didatenei

Maiatzaren 13an, Nafarroako haur eskoletako greba zela-eta Berriozarren egindako langile batzarraren ondoren, Altsasura joan nintzen, nire herrira, pintxo-potera. Han, bizi genuen gatazkarekiko interesa agertzen zuten gazteekin topo egin nuen, eta pote eta pote artean, elkartasun argazki bat egin genuen, gure borrokan babesa erakutsi diguten hainbat eta hainbat kolektibo nafarrekin egin dugun bezala.

Nire harridura gutun ziurtatu batekin dator gaur. Gobernuaren ordezkariak, Jose Luis Arasti Perez jaunak, zehapen espedientea hasi du nire aurka, eta herritarren segurtasuna babesteko Lege Organikoa ez betetzeagatik 100 eta 600 € bitarteko isuna ordaindu beharra leporatzen didate. Espedientea Altsasuko (H eta A) Guardia Zibilaren postuko agenteek aurkeztu duten salaketak eragin du (identifikazio zenbakiak kenduko ditut, badaezpada berriro salatzea bururatzen bazaie) legez kanpoko elkarretaratze baten arduraduntzat jo nautelako.

Garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea ni ez nengoela Altsasun salaketan agertzen den orduan, ez nindutela identifikatu, ez nuela inongo elkarretaratzetan parte hartu eta aipatutako agenteek sare sozialetan agertutako argazki bat erabili dutela ni salatzeko froga bakar gisa.

Ez naiz gehiegi luzatuko gai honetan; izan ere, Altsasuko Guardia Zibilaren kuartelean egon berri naiz, eta dagoeneko esan diet entzun behar zutena, nahiz eta hainbat egia esateari eutsi behar izan diodan.

Funtsean, badakit horrelako ekintzek ni isilarazteko ahaleginari erantzuten diotela, eta ez dela kasualitatea ni izatea salatutako pertsona. Egia esango dut... Ez nuen uste hain zikin jokatuko zutenik. Nik nire burua oso lasai daukat, haiek... ez dut uste.

Nire aurka horrelako agindua eman duenak uste badu niri ahoa estaliko didatela, oso oker dago. Aspaldi erabaki nuen nire ideien alde argudioekin borrokatzea, ondorioak edozein direla ere. Ni froga faltsuekin salatzea agintzen dutenek ez dituzte argudio horiek.

Harrigarria da PSOE Diputatuen Kongresuan Mozal Legea indargabetuko dutela lau haizeetara esaten agertzea, baina ni isilarazten saiatzeko erabiltzen dute. Lege honek eskaintzen dien babesaz baliatzen ari dira adierazpen askatasunerako eskubideari erasotzeko eta «oso gaizki» egiten ari direla salatzeko adierazpen sozialetan modu baketsuan parte hartzen dugun pertsonak zigortzeko erabiltzen ari dira.

Lortu nahi zutenaren kontrako efektua lortu dute. Ez dut burua makurtuko, arrazoi dudala badakit eta.

Buscar