Martxel Toledo Garmendia

ETBtik haratagoko diskriminazioa

UPN alderdik jarritako salaketa dela eta, hemendik aurrera ETB ezingo da ikusi Nafarroa Garaian eta ondorioz bertako biztanleek jasoko duten diskriminazioaz, hitz kritiko dexente entzun da egun hauetan gure hedabideetan. Horien artean, besteak beste, EAEko lehendakaria den Iñigo Urkullurenak eta Jaurlaritza osatzen duten EAJko beste Gobernu-kideenak.

Nola ez aitortu, eskubide osoa dutela esandakoak eta gehiago ere esateko, ia denok, guztiok ez esateagatik, salatzen dugulako gertatutakoa, hartutako erabakia guztiz politikoa eta ez-demokratikoa izateaz gain, zentzu gabekoa ere badelako.

Baina gogorazi nahi nieke buruzagi horiei, Urkulu, Egibar eta beste guztiei, nafarrek pairatzen duten diskriminazioa ez dela soilik ETB ez ikustearena, hortik aparte ere, egunero eta hainbat arlotan, diskriminatuta sentitzeko arrazoi ugari dituztelako, besteak beste, kirolean bertan, Jaurlaritzak bere federazioen bitartez ezarritako legediaren arabera, Nafarroako lizentzia duten kirolariek, salbuespen txiki batzuk kenduta, ezin dutelako euskal herritar bezala, euskal herriko txapelketa ofizialetan parte hartu. Alegia, Iruña, Tutera, Lesaka edo Doneztebeko kirolari nafar batek, besteak beste, ateak itxita dauzka Euskadiko federazioek antolatzen dituzten txapelketa ofizialetan parte hartzeko. Eta diskriminazio hori positiboki konpontzea Jaurlaritzaren esku dago, eta borondate politikoa baino ez da behar hori gauzatzeko. Edo urraketa hori ez da diskriminazioa? Eta horrela daramatzagu ia 40 urte, Autonomia Estatutua onartu zenetik ona horien aurrean txintik esan gabe ezikusia eginez beste aldera begiratzen.
 
Beraz, hipokresia alde batera utzita, garaia da, eskubide guztien defentsa egiteko eta ez soilik, ikuspegi politiko batetik interesatzen denean, ETBrekin gertatutakoa salagarria den bezala, aipatzen dudana ere badelako, batik bat, nafar kirol askorentzat. Baino badirudi, Urkullu eta abarrentzat, esaldi zahar horrek dioen modura, aholkuak ematen ditut baina niretzako ez dauzkat. Politikariak izan behar!

Buscar