Jesús Perez Hualde, Iñigo Satrustegi Andres, Habene Vitas Cartago, Iraia Garcia Salvide eta Sonia Rodriguez Montaño | Txantrea Hezkuntza Duina plataformaren izenean

Eunaten konponbideak behar ditugu

Txantrea Hezkuntza Duina plataformako partaideok gure kezka adierazi nahi dugu Txantreako Eunate DBH ikastetxean bizi den egoeragatik. Ikasle belaunaldi ezberdinek, hauen familiek, irakasleek eta beraz, inguru osoak elkarbizitza arazo larriak izan ditu azken urteotan. Arrazoi honengatik, DBH 4. mailako ikasle askok batxilergoko ikasketak beste ikastetxeetan amaitzea erabakitzen dute, behin-behineko irakasleek ez dute lanpostua bigarren aldi baterako bertan hartu nahi eta Bernat Etxepare eskolako gurasoak zalantzan ari dira seme-alabak auzoko institutura eraman ala ez erabakitzeko orduan.

Gauzak horrela, ikastetxean hamahiru kamerez osaturiko bigilantzia bideo-sistema bat ezartzean (hezkuntza komunitatearen partaideei batere esan gabe) piztu den gatazka, bertan jadanik zegoen arazoa areagotu besterik ez du egin.

Aurrekoagatik, ikasleei erru guztia leporatzea arduragabekeria iruditzen zaigu. Geure ustez, ikastetxeko egoerak okerrera poliki egin badu ere, eragile guztion ardura izan dela, baita Hezkuntza Departamentuaren garaian garaiko arduradunena ere. Agerikoa da ikasleak eta familiak urtez urte aldatuz doazela, baina arazoa bertan mantentzen da.

Gatazkaren egoera honetan, ezinbestekoa da konponbideak topatzea eta ikastetxearen etorkizuna bermatzea auzoan hezkuntza publiko, euskaldun eta kalitatezko erreferente gisa.

Gure iritziz, konponbidea bilatzeko bigilantzia-kamerak kentzea derrigorrezko pausua litzateke eta gero, arduraz aritu beharra dago guztion nahia delako Eunate DBH ikastetxeak auzokideoi eman digun hezkuntza eremuak bizirautea. Ikastetxeko elkarbizitzan hezkuntza komunitateko kide guztiok parte hartzea beharrezkoa da, proiektu bateratu baten alde pausuak emanez eta ikastetxeko eragile guztien eskubideak eta eskakizunak aintzat hartuz: ikasle, familia, irakasle eta gainontzeko langileak.

Azaldutakoagatik Txantrea Hezkuntza Duina plataformaren izenean dei egiten diegu hezkuntzako partaide guztiei eskuhartze zuzen bat egitera, bakoitzari dagokion ardurak hartzera, beharrezko aurrerapausoak ematera eta beste eragileen eskakizunak aitortzera.

Buscar