Eñaut Izagirre Estibaritz | Incognita Patagonia proiektua

Euskal Mendizale Federazioari

Igaro berri den aste-bukaera honetan Izaban egon naiz, Bandres-Karolo Memorialean. Mendi-eskiko lasterketa aparta antolatu ohi dute bertako antolatzaileek, eta aurtengoak ere ez du hutsik egin. Elur egin berria zegoen eremu basatian, eguraldia ere aldakorra zen, eta zalantza zen nagusi lasterketaren bideragarritasunaz; baina tentuz egindako ibilbideak eta antolatzaileen urte luzeetako esperientziak lasterketa paregabea opa ziguten lasterkarioi.

Bandres-Karolo Memoriala, nolanahi ere, lasterketa bat baino zerbait gehiago da: partaide eta mendizaleon arteko elkargune aproposa, ezer baino lehen. Horrela, ba, lasterketa ondoren bizitako momentutxo horiekin gelditzen naiz ni, ondorengo horrekin.

Hala ere, izan zen biziki harritu ninduen gauza bat: memorialaren babesle nagusietako bat den Euskal Mendizale Federazioaren ordezkaririk azaldu ez izana sari-banaketan, nahiz sari gehienak berek eman behar zituzten. Harridura horretan nintzela, azken asteotako gertakari bat etorri zitzaidan berriz ere gogora.

Euskal Mendizale Federazioak banakako nahiz taldeko jardueretarako diru-laguntzak atera ohi ditu urtero, eta hala egin zuen 2016ko azaroko deialdian ere. Testuinguru horretan, Incognita Patagonia proiektuko kideok gure aurrekontua aurkeztu genuen; izan ere, proiektuko parte bat babesik gabe genuen, eta deialdiko diru-laguntzek hori estal zezaketen.

Hiru hilabetera jaso genuen erantzuna, martxoaren hasieran: eskatutakoaren % 16,5a egokitzen zitzaigun. Diru-kantitatearen konformidade-maila alde batera utzita, esan behar dugu ezin gintezkeela ados egon emandako justifikazioarekin, eta kexu gara. Federazioaren erantzunak zera zioen: zuzendaritza-batzorde berria zegoela orain, eta hilabete batzuk lehenago zegoen batzordeak hitzartu zuela guri eman beharreko kantitatea, eta hala egin zuela guk aurrez jasotako beste diru-laguntzak kontuan hartuta. Ez dakigu zein diru-laguntza diren horiek, baina. Incognita Patagonia espedizioak izaniko lorpenak eta aktibitatea bera saritzen dituen FEDME sariaz ari ote dira? Hala bada, kontzeptu-mailako desadostasuna agertu behar dugu, ez baitira gauza bera saria eta diru-laguntza. Sariak meritua aitortu eta saritzen du (eta sor litezkeen proiektu berrietarako pizgarria eragiten); diru-laguntza, berriz, berariazko ekarpen eta sostengu ekonomiko bat baino ez da. Horrela, bada, Euskal Mendizale Federazioari eta kargua utzi berri den zuzendaritza-batzorde zaharrari zehaztasun eta doitasun handiagoa eskatu nahi genioke.

Buscar