Euskal telebista is different
Gure (?) telebistek badute zerbait Espainiakoek ez dutena. Gureek Ebrotik haratagoek ez bezala, badute zer edo zer pantailan eta abotsean bertako asko babesten dutena. Ez dakit, bada, koipe modukoa ez ote duen izango dena arinago egiteko, edota… Izan ere, inoiz (bale, noizbait, bai!) ez dute bertako politikari, enpresari… iruzurgileen aurka inolako aipamenik egiten.
Horrelakoetan, (eta bestelakoetan ere) Euskal Telebistak familia itxura hartu ohi du, ene ustez: etxe barruko zapi zikinak aireratzeko ez baitu ez asmorik, ez interes handirik erakusten. Baina nola lortzen dute hemengoek horrelako isiltasuna Estatu Espainolean eta Katalunian, etengabe, ustelkeria kasuena lau-haizetara zabaldu bitartean? Zer dira, bada, azkarragoak? Ala badago baten bat, oraindik, gurean ustelik ez dagoela sinetsita dagoenik?
Agian, galdera asko eta erantzun garbirik ez, askoren ustez, baina hemengo jauntxoek oso ondo dakite soberaniaren alde eginez gero, hurrengo egunean zer gerta dakien. Beraz, jarrai dezagun gure (?) telebista izaten, aukeran beti hobeto bertakoek lapurtzen badute, kanpokoek baino.