Beñi Agirre

Euskalnafar greba orokor feminista

Azaroaren 30a euskaldunon oroimen kolektiboan, Herri Oroimenean hobeto, itsatsita gera beharko litzateke egun gogoangarri moduan. Gaur Euskal Herria deitzen diogun hegoaldeko lau Foru-Administrazio esparruetan, “probintzia” asmakizun franko-espainiarrari uko egin beharko genioke, lehenengo greba orokor feminista euskalnafarra aurrera atera zen. Euskalnafar herriaren hegoaldean gauzatu zelako, ez Frantzian, ez Espainian.

Itsatsita gera beharko litzateke zaintzaren leloa ardatz hartuta, emakumeek bereziki, baina, gizonezkoen esku hartze gero eta handiagorekin, genero ororen berdintasunaren aldarriak gizarte bateratzaile izan daitekeela erakutsi zuelako. Gazteak, ez hain gazte eta zahar samarrak, langileak eta pentsiodunak, emigranteak eta aurreko migranteen seme-alaba bertan jaiotakoak eta oro har, gaur, euskalnafar gizartea osatzen duen eragile biziak kalera ateratzeko indarra erakutsi zuelako.

Aurreko batean Hernanin, Burujabetzak jardunaldian, zaintza atalean aipatu zen “Zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko eragileen arteko saretzea, koordinazio eta harremana ezinbestekoa da, gaur egungo udal egiturek nekez iristen baitira guk ditugun beharretara”. Negozioa eta zerga bidezko diru publikoaren xahutzea ere aipatu izan da, adibideak ez dira falta nonbait. Euskal erroko kulturak badu oraindik ere bizirik egitura juridiko propioa: Zuzenbide Piriniarra. Bertan jasotzen dira kooperatibismoa, auzolana, herri lurren kudeaketa arauak edota irabazi asmorik gabeko antolakuntza komunitarioa. Beraz, bada non ikasi.

Buscar