Joseba Otano Villanueva | Administrazioan Euskaraz Taldea

Euskararen Dekretu berria: argiak eta ilunak

103/2007 Foru Dekretua jadanik indarrean dago, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzeko. Nafarroako Gobernuan hizkuntz profilak ezartzeko urtebeteko epea ezartzen duenez, euskara meritu moduan baloratzeko modua da bere ekarpenik garrantzitsuena. Zoritxarrez, arlo hori nahiko eskasa du. Dena den, aztertzeko arlo gehiago du Dekretu honek eta arautzen duen guztia ez da aurreko Dekretua hobetzeko.

Lehenengoa. Dekretuak dioenez, langile euskaldunen zerrendak agortuz gero, hizkuntz profilik gabeko pertsonek bete ditzakete horrelako postuak, betetzeko zailak diren lanpostuetan. Gure ustez, erantsi beharko luke: «Halakoetan, euskarazko zerrendak berritu eginen dira berehalakoan eta lanpostu horiek ahalik eta arinen langile euskaldunekin beteko dira».

Bigarrena. Nafarroako hainbat udal UEMAn daude, eta euskara hutsez funtzionatu behar dute, UEMAren ezaugarria horixe baita, eta euskarak, hizkuntza gutxitua izanik, arnasguneak behar baititu. Dekretu honekin, udal horiek trabak izan ditzakete euskara hutsean funtzionatzeko.

Hirugarrena.- Eremu mistoan euskaraz egindako eskaerei erantzun elebiduna emanen zaie. Eremu mistoko Euskararen Ordenantza gehienetan, aurreikusia dago euskarazko erantzuna. Beraz, problema ez zegoen tokian, problema sortu du Dekretu honek.

Laugarrena. Dekretuaren arabera, eremu ez euskaldunean administrazioek elebitasuna erabil dezakete, lan deialdietan euskara eska dezakete eta euskara puntua dezakete. Gure ustez, aukera hauek idatzita geratzea ondo dago. Dena den, lehen ere ez zegoen debekaturik.

Bosgarrena. Elebiko euskarrietan, eskuinean edo goian jarriko da euskara. Ongi ikusten dugu hori. Eremu ez euskaldunean, ordea, alderantziz arautua dago.

Seigarrena. Nafarroako Gobernuaren zerbitzu zentraletan elebitasuna ezarri du errotulazioetan eta herritar guztiei zuzendutako informazioetan. Hauxe da benetan Dekretuak ekarri duen aurrerapausorik nabarmenena.

Zazpigarrena. Zein da balorazio orokorra? Lan deialdi gehien-gehienetan, orain arte bezala, euskara ez da puntuatuko, eta Osasunbidean beste merituek ia estaliko dute. UEMAko Udaletan euskarazko funtzionamendua ez da bermatu. Kasu batzuetan, arazo berriak ekarriko ditu Dekretu honek. Errotulazio eta komunikazioetan izanen da aurrerapausorik handiena. Oro har, laburbilduz, Nafarroako Administrazioetan euskara errotzeko aukera galdua da Foru Dekretu hau.

Buscar