Juan Luis Mugertza Unanue

Ez da barre egitekoa

Santurtzin bizi izaniko anekdotak Fernando Amezketarraren liburutik hartutako txiste itxura badu ere, nahikoa esanguratsua da jabetzeko euskararen egoera barregarria dela, nahiz eta euskaldun askori barre eragiteko grazia handirik ez egin. Larunbatean, goseak tragatuta, eta zer edo zer jateko asmotan, tabernaz taberna aritu ginen kanpoko menuari erreparatzen. Halako batean, kaleko mahai batean txikito bat hartzen zegoen gizonezkoak kartari begira geundela ikustean, hitza zuzendu, eta zera esan zigun: «Las alubias estan muy buenas». Errezilen nengoela sinetsita-edo, «Bai, baina bero handixa eitxen dau jateko». Arnasari hartzeko tarte txikia hartu, eta serio-serio... «Tenéis la carta en ingles, si queréis». Eta orduan, "Berria" egunkariaren azalean, eta barruko orrietan Markel Olanori egindako elkarrizketa mamitsuaren lerro nagusiak buruan genituela, zera pentsatu genuen: hauxe izango da euskarak aurrera egin dezan martxan jarri behar den ofentsiba, eta erabakitzeko eskubidea EAJk aberria egiteko bultzatuko duen politika? Izan gaitezen serioagoak, mesedez, euskaldunok bizi izaten ari garen egoera, bai hizkuntzari dagokionez, bai herriari dagokionez, ez baita barre egitekoa.

Buscar