Ezagutzaren produkzioan subiranotasuna aldarrikatzen
Euskal Herriko hainbat ikertzaile, muga politiko eta fisikoak gaindituz, Bordelen batuko ginen azaroaren 23an Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Parte Hartuz Ikerketa taldetik eta Subiranotasuna Europako Herrietan masterretik, Bordeleko Zientzia Politikoetako unibertsitatearekin batera antolatutako “XXI. mendeko mugaz gaindiko begiradak. Euskal kasuak” nazio arteko kongresuan.
Zientzia, garaiko eta tokian tokiko pertsonon bizitzak hobetzeko baliatu behar den tresna dela uste dugu; hau da, ezagutza pertsonon eta ingurumenaren zerbitzura egon behar luke eta ez aldrebes.
Zentzuzkoa den adierazpen honek XXI. mendeko errealitatearekin talka egiten du. Izan ere, zientziaren produkziorik handiena aldizkari zientifiko pribatuen esku egotearen ondorioz, enpresa pribatuek erabakitzen dute zientzia zer izan daitekeen eta zer ez. Alegia, etekin ekonomikoaren menpe dago ezagutza, eta horregatik, mundu mailako produkzioa arrotza zaigun hizkuntzan eta esparru pribatuko logikekin sortu ohi da.
Euskal Herrian badaude Euskal Herriko begiradatik eta Euskal Herrirako lan egiten duten ikertzaileak. Hori dela eta, Bordelen batu ginen Frantziako eta Espainiako estatuek ezartzen diguten muga politikoa gaindituz, eta, marko soziologiko berri bat sortzeko asmoz.
Bordele hautu metaforiko gisa ere hartu daiteke. Bada, Garona itsasadarreraino joan gara, bertan, Euskal Herritik sortutako pentsamendua produzitzen delako. Bestalde, gure Euskal Herrian erdaraz sortutako kongresuak badira (gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez), zergatik ez da ba Frantziako estatuan euskarazko kongresurik egongo? Berriz ere, interesgarriagoa zaigu ulertzea ezagutza bera nondik sortzen den, zertarako eta zergatik, non edo zertan egiten den identifikatzea baino.
Kongresu hau ibilbide luzeagoa duen urrats txiki bat baino ez da izango. Azkenik, mugetatik harago jardunaldi hauek unibertsitate ezberdinetako euskal ikertzaileon arteko lankidetza ehuntzeko bidea marka lezakeen topagunea bilaka daitezke. Funtsean, ezagutzaren produkzioa Euskal Herritik sortu behar dela aldarrikatzen dugu.