«Familia kontuak»
Familia heterosexualaren eredu instituzionalak gizonek emakumeen aurka burutzen dituzten oldarraldien iturburu handienetakoa izaten jarraitzen du oraindik ere. Emakumeek gizarte patriarkal honetan etengabe pairatu beharreko erasoei hurbilagotik behatzen badiegu, erraz hautemango ditugu familia-eredu sakratu horrek emakume askorengan dauzkan ondoriok. Maskulinitateari inposatzen zaizkion roletan sentimendu-adierazpenek ez dute tokirik izaten, bai, ordea, bortizkeriak eta agresibitateak. Hasieran, beharbada, ez dira neska-mutilen arteko aldeak nabarituko. Egunerokotasunaren esparru ezberdinetan mutilei toki gehiago eskainiko zaie, eta indibidualagoak izatea lortuko dute. Baina aurrez erabakitako ezberdintasun horrek, gizonaren nagusitasunaren onarpen orokorrak hain zuzen, eragin deitoragarria dauka egungo gizartean. Maizegi errepikatzen diren «familia kontuak» edota antzeko adierazpenetan, errealitate desatseginak ezkutatzen direla uste izaten dugu askotan, eta beraiei aurre egitea gogorregia bilakatu ohi zaigu. Ondorioz, bortizkeria mota honi irmoki aurre egiteko beharrezko pausoak eman eta erantzukizuna hartzeko balentriarik erakutsi ezean, beraren gaizkide izaten jarraitzen dugu. Izan ere, emakume, haur zein pertsona ez-heterosexualek pairatzen dituzten erasoek sexuak izan beharko lukeenaren irudipenarekin daukate zerikusia. Eta sexu zein sexualitatearen inguruko egungo normek indarkeria horren erregai nagusi izaten jarraitzen dute.