Gaizka Argarate Belategi, Ondarruko guraso talde baten izenean

Gabonetako F7 txapelketa. Durango Sukia Cup-Cultural

Halaxe, programazioak zioen bezala, dena erdaraz eta puntutxo bat euskaraz.

Minduta eta triste bueltatu ginen joan den Abenduaren 28an Durangoko Tabira futbol zelaitik.

Bizkaia eta Gipuzkoako 200 ume inguru delako torneoaren finalak jokatzera zihoazela eta, hara joan ginen umeekin batera hainbat guraso, aiton-amona, e. a.

Sartu besterik ez eta horma-irudi handi handi bat parez pare azkeneko Euskaraldiaren berri ematen.

Finalak zirenez, bozgorailutik esatari bat hasi zen hizketan eta orduan etorri zen gure haserrea.

Esataria euskal hiztuna zen baina euskaraz «eskerrik asko bene-benetan» esatetik ez zen pasa partidak hasi eta sari banaketak bukatu ziren arte.

Bozgorailutik, gaztelera hutsean, errepika eta errepika zebilen umeei transmititu beharreko «printzipio eta baloreak» eta gu bitartean aho zabalik ea guretzako, euskaldunontzako, printzipiorik ez ote zegoen.

Sari banaketa heldu zenean entzun genituen euskaraz esaldi bakan batzuk osorik, norentzat eta Ondarroako eta Markinako ume eta gurasoontzat, azken mohikanoak ote? Arrasate, Durango, Laudio eta beste herritako ume eta gurasoek ez al dute horrenbeste merezi? «Aquí, todos ganan» zioen behin eta berriz baina zoritxarrez egun horretan euskara galtzaile.

Egun batzuk lehenago, euskal kulturaren hiriburu bezala saldu ziguten Durango. Bertako udal agintariek ez al dute inolako egitasmorik herriko elkarteetan horrelakoak gerta ez daitezen?

Udalen euskararen aldeko politiken gabeziek norberaren herrian atzerritar sentiarazten gaituzte asko eta asko, kasu honetan ondarrutar eta markiñar batzuk, eta zer esanik ez euskaraz bizi diren hainbat eta hainbat umeren erreferentziak aldatu ere.

Besterik gabe.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Buscar