Naiara Perez, Hernani

Garestiegi

Garestiegi ordaindu dugu etxera bakarrik joatea. Garestiegi ordaindu ditugu doako txistu, piropo merke eta irainak. Garestiegi, «esajeratutako tontakerien» atzeko erasoak, eta garesti, ezetza.

Garestiegi ordaindu dugu mutututako bozgorailua izatea. Garestiegi ordaindu dugu itzalpea.

Garestiegi ordaindu dugu sostengu den euskarri ikusezina izatea. Garestiegi ordaindu dugu izenik ez izatea. Are garestiago, izanik ez izatea.

Garestiegi ordaindu dugu ahaztuak izatea. Garesti, anonimoak izatea. Garesti ordaindu dugu ateak itxita aurkitzea.

Garesti ordaindu dugu entzunak ez izatea, ikusiak ez izatea,  kontuan hartuak ez izatea. Baloratuak ez izatea.

Garesti ordaindu ditugu gure gorputzaren gaineko iritzi eta erabakiak.

Garesti, eskotea, mozkorra eta gaupasa.

Garestiegi ordaindu dugu ordainik gabeko gehiegizko lan karga.

Garestiegi ordaindu dugu hegoak mozten dizkigutenei egoak eustea.

Eta, beharbada, garestiegi ordaintzen ariko gara preziorik izan behar ez lukeen askatasuna.

Buscar