Jon Arandia Isusi eta Jon Ander Elorriaga Arandia, Fermin Arandia Basterraren sendiaren izenean

Gerran hildako gure osaba Fermin Arandia Basterra gogoan

Zure heriotzaren 85. urteurrenean gogoan zaitugu eta zure omenez bilduko gara jaio eta bizi zinen herrian, Arrankudiagan.

1915eko azaroaren 11n jaio zinen familia baserritar batean, eskolara joan eta gero anaiekin batera Arratian pinuak botatzen ibilitakoa.

Militar faxistek estatu-kolpea egin zutenean eta, ondoren, Gerra Zibila piztu zenean herriko Defentsa Komitearen agindupean aritu zinen eta gero gudari moduan, inguruko gazte gehienak bezala, Araba batailoian, hasieran Eleizalde konpainian eta geroago Alaitzan 1937ko ekaina arte, Euskadiko Gobernua eta ejertzitoa desagertu arte. Gero frankisten errepresioa jasan behar izan zenuen.

Handik aurrera ez dakigu oso ondo zer gertatu zitzaizun baina bai Defentsa Komitearen agindupean aritzeagatik «Langile batailoi» batean preso sartu zintuztela eta bertan egonda Bartzelonako Vallcarca ospitale militarrean zendu zinela 1939ko maiatzaren 18an eta Montjuïc hilerriko hobi komunean hilobiratua maiatzaren 21ean.

Ez zen amaitu zure aurkako indarkeria hil ondoren. Zure heriotzaren oroigarrian «Caído por Dios y por España» jarri behar izan zuten. 1952 urtean saiatu ziren zure gorpuzkiak Cuelgamuros Haranera, garai horretan Erorien Harana edo Valle de los Caídos, eramaten, baina ez zuten azken umiliazio hori lortu.

Jaio zinen etxean beti egon zen zure erretratua horman eskegita eta zure amak, Bixenta, mesanotxeko tiraderan zure erretratu txiki bat zeukan.

Etxetik urrun egon arren, noizbehinka bisitaren bat izan duzu familiaren aldetik, gainera zauden hilerriko agintariek idatzi digute esanez zauden hobi komun horretatik ez dela posible zu ateratzea.

Maitasunez, zure sendia.

Buscar