Aitor Aramendi Lizaso, Atxiki Añorga auzo mugimenduaren izenean

Goia, bideragarritasuna eta sardinak

ñorga-Txikin, auzoa masifikatuko duen proiektua inposatu nahi du Donostiako Udalak.

Aspaldi hasi ziren hainbat auzotar proiektua aldatzeko lanean, eta azken urtean mobilizazio ugari deitu dira, non parte hartze zabalak argi utzi du auzotarren kezka eta iritzia.

Bi lelo izan dira errepikatuenak: «Goia, alucinas, no somos sardinas!» eta ume koadrilak asmatutakoa: «Añorga-TXIKI: izenak esaten du!» Lelo hauek ondo adierazten dute zentzugabekeriak sortzen dituen amorru eta itolarri sentimenduak.

Umeen kasuan, agian galdera batzuk ere sortu zaizkie: Alkate jaunak auzoaren izena ezagutzen al du? Agian ez da inoiz gure auzora etorri? Edo akaso, “handia/txikia” lezioa galduko zuen txikitan…

Alkateak berriz, agian pentsatuko du ume hauei bideragarritasunaren lezioa falta zaiela oraindik.

Baina gainontzeko gazte eta zaharragook, honen inguruan gure ezagutza eta iritzia badegu, alkate jauna. Eta ez degu onartuko, hainbat ikuspegietatik bideragarria ez den proiektu bat inposatzeko, zuek, bideragarritasunaren esanahia manipulatzea eta aitzakia edo mantra bezela erabiltzea. Beste gai edo arrazoi guztien gainetik onartu beharreko zeozer bezela aurkezten dezue zuen interpretazio interesatua; beste aukerarik edo irtenbiderik ez balego bezela. Eta iritzi desberdina degunak, ezer ulertzen ez duten pertsonak bezela tratatzen gaituzue... eskerrak Donostiako udalean gauza hauek ulertzen eta menderatzen duen jendea zaudetela, ezta?

500 etxebizitza daude Añorga-Txikin. Irtenbiderik gabeko bi kale eta plazarik ez. Lurrean marraztutako gezurretazko bi rotondatxo, non ez zabor-kamioak eta ezta autobusak ere, ezin duen buelta eman. Donostiako Udalak inposatu nahi duen 250 etxebizitza gehiagoko proiektua guztiz zentzu gabekoa da eta ez, ez da bideragarria. Gehiago sakondu gabe, bi arrazoi nagusiengatik: tokia txikiegia da eta ez gara sardinak.

Beraz, proiektuko etxebizitza kopurua erabat murriztearen eta gaur egun auzoak dituen arazoak konpontzearen eskaeren aurrean, nola arraio ulertu behar da Udalaren ezezkoa bideragarritasunaren izenean? Zer hartzen dezue kontuan? Auzoarentzat onurak eta kalteak ez behintzat. Proiektuaren balantzea hau da: Onurik ez, betiko arazoak areagotuta eta berri batzuk gehituta. Proiektuaren egokitasuna honekin neurtu beharra dago ezer baino lehen. Ondoren, zenbat diru publiko; hau da, gu denon dirua, bideratu nahi edo behar den eztabaidatu beharko da; ondorioz promotore pribatuei zenbat bideratu, etabar, etabar.

Ba horixe, agindu dezuen parte hartze prozesuaren zai gaude benetazko auzi hauetaz hitz egiteko, eta propagandan saltzen dezuen Donostiako auzo eredua proiektu honetan nola betetzen dezuen ikusteko.

Gure aldetik, auzoarentzat bideragarria den proiektu baten alde lanean jarraituko degu, Añorga-Txikitarrok gure auzoa maite eta zaintzen degulako, bizigarri izan dadin gaurko eta biharko auzokide guztiontzat.

Buscar