Joxe Iriarte ‘Bikila’ | Gorripideako kidea

Harria jaurti eta eskua gorde

Agur betiko, errauskailuren egitasmo zital horri. Eskerrik beroenak Aldundiari, Zero-zabor eta Errauskailuren Aurkako plataformei, eta urtetan borroka horretan jo eta ke ibili diren guztiei. Ez baikaude ohituak instituzioen okerreko erabakiei buelta ematea. Eta egungo Aldundiak aurrekoaren gaizki eginak zuzentzeak pozteko berria da. Baina adi. Kasu errauskailuaren aldekoeen (Gipuzkoako PNV adibidez, zeren eta nahiz eta jakin Jaurlaritzak zein Bizkaiko beren kideek Gipuzkoako hondakinak Zabalgarbiko errauskailura bideratu nahi dutela, bere gerra partikularrean tematu da) maniobra maltzurrekin.

PNV, PSOE eta PPren garroak oso zabalak baitira eta alde dute Diario Vasco eta beste zenbait komunikabide. Izan ere, Errauskailuaren aldeko fronte horrek jo eta ke ari da errepikatzen, errauskailua ixteko adostasunak Gipuzkoarren diruaren alperreko xahutzea ekarri duela. Lelo horrek, gezur handi eta egi borobil bat nahasten du eta erantzukizunak desitxuratu eta horrek min egin dezake.

Gezur handia da kalte ordaineko 8 milioi horiek alperrekiko xahutze bat izan dela, aldi berean, ez bada argitzen, errauskailua eraikitzeak eta funtzionamenduan tematzeak zenbait kostatuko litzaigukeen. Beraz, kitatze operazio horretan aurrera begira aurreztea dakar.

Hala ere ezin uka xahutze bat izan zela, PNV-PSE eta PPk, ohiko jardueran aurka, funtzioetan zegoen Aldundiak eskuz aldatzeko bezperan Errauskailua finantzatzeko presaka eta korrika sinatu akordio infame hura egin zutenean, hain zuzen. Harez geroztik, gipuzkoarrok zorpetzearen Damoklesko ezpata izan dugu buru gainean (maileguetan ordaindu dena eta oraindik ordaindu beharko dena izugarrizko xahuketa da). Alderdi horiek prebarikazioagatik epaituak egon beharko lirateke. Beraz, aldundiak ahaleginak eta bi egin beharko luke gipuzkoar guztiek jakin dezaten, operazio horretan xahutu den dirua zenbateko den eta zeinen errua izan den. Adibidez, aurreko aldundiak finantza erakundeekin sinatu zuen akordioa eta zein baldintzetan, plazaratuz.

Buscar