Natxo Ruiz Martínez

‘Hau’ ez da gure estiloa

«Hau» ez da gure estiloa Denok ezagutu zaitugu jokalari moduan, Josu. Athleticen kapitaina, jokalari adoretsua, zintzoa, zeure buruaren jabe nagusi eta bakarra, beti lankideen defendatzaile amorratua. Beti eman duzu aurpegia, zu ez zinen ezkutatzen diren horietakoa. Ez horixe!

Beti prest «Athletic sentimendua» defendatzeko, beti sentimendu horren ordezkari. Profesional hutsa. Baina badirudi denborak denok aldatzen gaituela, eta zure kasuan nabarmen aldatu ere. Izan ere, orain dela bi urte ‘nire ustez’ Athleticek izan duen entrenatzailerik onena ekarri zenigun, Marcelo Bielsa; «entrenador de entrenadores» esan zenuen, eta ez zinen okertu. Entrenatzaile bezain pertsona adeitsua.

Bere buruaren jabe nagusi eta bakarra. Profesional hutsa. Baina dena ondo bidean zihoala, Lezamako lanak («el tema de las obras») ailegatu ziren, eta Urrutia-Bielsa bikoteak eztanda egin zuen. Harrezkero dena aldatu zen. Betiko aldatu ere. Athleticek Lezamako lanak zirela-eta argitara eman zuen prentsa-oharra, lazgarria ez ezik, gupidagabea ere izan zen gure entrantzailearentzat, zure enplegatuarentzat...

Ez dut erraz ahaztuko prentsa-ohar hura. Hiru paragrafo zituen, eta hiruretan Bielsa kritikatu zenuen. Ez zenion (zuk edo idatzi zuenak) bizitza apurrik ere eman. Hiru paragrafo, eta hiruretan astindu, gogor astindu ere. Zu orduan, ez orain 20 urte bezala, ez zinen zure lankidearen defentsan atera. Ez zenion gutxieneko babesik ere eman. Ez zenuen profesionalki jokatu. Eta Bielsa badoa gure artetik, arrazoi ofizialak jakin barik, ez baitizkio inork azaldu. Hala ere, Marcelok lar ondo daki zein den gure estiloa, eta zorionez Athleticen estiloa ez da zuk agertutakoa. Entrenatzaile petoa, entrenatzaileen entrenatzailea, maisuen maisua, profesiona hutsa joaten zaigu, eta presidente hutsala geratzen zaigu...

Amaitzeko, Josu, ohartxo bat egin behar dizut: Athleticen presidenteak ez du inola ere inoren edo ezeren mende egon beharrik, Athleticen mende soilik.

Buscar