Juan Luis Mugertza Unanue

Hiria (beti) kutsakorra

Urte bukaera garai ona omen dute batzuek auto zaharra alde batera lagatzeko, eta berria erosteko. Sasoi honetan aukera egokiak egon ohi baitira bestelako hautua egiteko. Halarik ere, beti ez da erraza hautu ona egitea, nahiz eta batzuek sekulako matrikulazio kanpaina egin (155), komunikabideetan aldeko propaganda egiteko aukera izan (PSC, PP, CeC-P), eta erabiltzaileei modu erosoan erosteko abantailak eman (lau ordu). Izan ere, oraingoan ere, gutxietsi, zokoratu nahi izan dute besteen kolorearen horia, indarra garajean, norabide bakarrekoaren aldeko gehienek emaitza kaskarrak lortu badituzte ere. Halarik ere, hirietan Ciutadans-ek oso emaitza onak izan ditu. Hauek hibridoaz baliatu dira produktua saltzeko, eta horrek jende asko animatu du trafiko handiko lekuetan eroso egoten, autogobernuaren aldekoak (JPC, ERC, CUP) arrimatzen, eta Arrimadas bezalako gidari bat protagonismoa izaten, epe motzean, behintzat. Gainera, elebakar askok aukera oso ona ikusi dute arerioaren gerrikoa gehiago estutzeko, eta Espainia-Katalunia-Europaren aldeko norabide bakarra gidatzeko. Hori dela eta, merkatarien lehian honetan beste aldekoek ez dute erraz izango gustuko hautua egiten, hiria beti kutsakorra baita. Bestalde, batzuk ez dira inoiz jabetuko egindako prestazioetan alde handia dagoela, batetik bestera, eta batean beldurra zabaldu bitartean, bestean, diruz erosterik ez dagoena, eta ez hemengo agintari askok, ez Espainiakoek, inoiz ulertuko ez dutena, hots, ilusiorena antzematen dela beraien hautuan, eta horrek laguntzen duela gizarte honetan aire garbia zabaltzen, eta «endavant» (aurrera) egiten. Eskerrik asko, Katalunia.

Buscar