Laura Gómez

Hiru iritzi, eta zerbait gehiago Next funtsei buruz

1. Endika Perez, ELA sindikatuko Gizarte Ekintzako idazkariaren ustez, Next funts horiek «murrizketen eskutik datoz»; izan ere, «Espainiako Estatua behartuta egongo da pentsioen sisteman erreformak egitera, lan-erreforma ez indargabetzera edo epe ertainean defizit publikoa kontrolatzeko neurriak hartzera, funts horiek jaso nahi baditu». Gainera, «milioiko euria zaparrada» ez dela «espero zen adinakoa» izango uste du, Espainiak baliabide propioekin jasotzen duenaren %70 itzuli beharko baitu.

2. Garbiñe Aranburuk, LAB sindikatuko idazkari nagusiak, laguntza horien «kudeaketa zentralista eta iluna» salatu du. Gainera, garapen «paradigma berri demokratikoago» bat eraikitzea aldarrikatu du; langileak, korporazio pribatu handien aurrean lehenetsiko dituena.

3. Eduardo Junkera, Adegiko presidentea, ez dago ziur Europako funtsen aukera aprobetxatuko ote den, eta Next funts horiek «hurrengo belaunaldiei kalte egingo dien zorpetzean oinarrituta daudela nabarmendu du».

4. Estazio-Azitain trenbidearen estaldurak kaltetutakoen plataformatik galdera batzuk egiten dizkiogu geure buruari: eibartarroi zenbat kostatuko zaigu proiektu hau? Proiektua itzuli beharrik gabeko diru-laguntzekin soilik finantzatuko al da? Next funtsetatik mailegu itzulgarriak eskatuko dira? (Mailegu itzulgarriak dagokien interesarekin itzuli behar direla badakigu). Zein zor hartuko dugu Eibarren gure gain espaloi-paseo hau altueran eraikitzean? Itxaron beharko dugu egunen batean altuerako espaloi-paseoa eraikita egon arte, benetako kostu ekonomikoa ezagutzeko? Uste dugu oraindik garaiz gaudela proiektu hau bideratzeko.

Eraikuntza honi ez! Gure izenean ez!

Hiribarruko paseoa eta bidegorriari bai!

Buscar