Mª Jesus Botana | Plataforma por un Alza más sano

Hiru urtez Altzan kiroldegirik gabe

2016. urteko bukaeran hasi zen Altzako kiroldegiaren eraispena. Urtebete beranduago, Donostiako Udalak esan zigun altzatarroi ezin izango zutela bukatu 2020 edo 2021 arte.

On kixotek esango lukeen bezala: «Zinez eta minez diotsut, Santxo, politikariek euren hitza betetzen dutela».

«Lasai nagusi, lan zaila da-eta: amiantoz kutsatutako lurrak estali, kiroldegi berria eraiki, kanpoko igerilekua egin, eta behar adina aparkaleku eskaini ingurunean bizi direnentzat». Emaiezu denbora!

«Zure ezjakintasuna hain da handia Santxo, ezen ez baituzu ezertxo ere ulertzen. Hiri erdigunerantz begiratzen dute beti politikariek, ikusgarritasuna duen lekurantz; beste guztia hiri-bazterrak dira, ez besterik, nahiz eta zabalak eta jendetsuak izan. Es baitabil turistarik auzoetan».

Zergatik ari dira lanak horren mantso Altzan? Zergatik amiantoz kutsatutako lurrak ixten dituztenean hauen gainean parke bat jartzeko asmoz, hau erdi-eginik dagoenean irekitzen dute?

Obra lan hauen kudeaketa benetako lardaskeria da: euria egiten duenean, urak ildaxkak sortzen ditu lurrean, oinezkoentzat ustez den bidea guztiz lokazten delarik, eta ibilgaitz bihurtzen, guztiz.

Jaisteko ezinezkoa eta igotzeko are ezinagoa den aldapa bat utzi dute opari. Azkenean haiek ere konturatu dira eta kartel bat jarri dute arriskuaz ohartarazteko.

Altza osasuntsuagoaren aldeko plataformakook haize-erroten kontra egin dugu borroka, Udalak hitzemandakoak haizeak eraman baititu, zoru kutsatuak estaltzeko lurra euriak eramaten duen bezala.

Altzatar guztientzako irekia den berri biltzarra eskatu diegu. Urrian Bilduren mozio bat onetsi zen udalbatzan, hain zuzen ere, udal gobernuak bileraren bat egin zezan herritarrentzat irekia.

Plataformakook luze daramagu horren eske. Ez dakigu nola doazen obrak, dena ezkutuan, ixilpean, gordezka. Gardentasunik batere ez, hitz hau ez baitago haien ideario politikoan, antza denez.

Altzan hiru urte daramatzagu zain, itxoiten noiz arte egon beharko?

Buscar