Aiert Larrarte Aldasoro

Ikastolak Hezkuntza Berriztapen ardunadunari

Juanjo Agirrezbala, Hezkuntza Berriztapen arduradunari.

Agur eta erdi!

Uztailaren 13an, urriaren 27an eta abenduaren 22an Donostiako Hezkuntza delegaritzako egoitzan izan genituen bileretan, eskolako maparen egoera aztertu genuenean, adierazi zitzaigun PT lanpostu erdi bat gehiago eskuratzeko baldintzak betetzear ginela. Ikusi zen gainera, ikasle baten kodea eguneratu gabe zegoela, eta beste bi ikasle mapan sartzekoak zirela PT kodearekin. B zerrenda irekitzearena ere mahai gainean jarri zen (B zerrenda ireki dugu) eta baita EHIaren esku hartzea 4., 5. eta 6. mailetako ikasle bakan batzuekin

Bilera hauen ondoren, erantzunik jasotzen ez genuela ikusirik, eskolako zuzendaria behin eta berriro saiatu da zuekin harremanetan jartzen erantzun bat jaso asmoz. Bide desberdinak, pertsona desberdinak erabili dira, erantzun bat jasotzeko helburuarekin.

Azkenik, martxoaren 21ean erantzun bat jaso genuen, baina honek ez zuen argitzen abenduan aztertzekotan gelditu zen eskaera. Zuzenean jarraibide batzuk igorri ziren, non azaltzen zuten laguntza baliabideak eskuratzeko ikasturte hasieran zehazten den ebazpenak adierazten duen prozeduraren baitan izango zela. Ulertaraztera emanez, epez kanpo ez zela berrikusketarik egingo. Nahiz eta, abenduan bilduta egon ginen bitartean, berrikusketa baten aukera mahai gainean egon zen uneoro, eta ez ebazpenaren irizpidea.

Ulertzen ez duguna da, berrikuspen horren aukera egongo zela adierazten zenuten arren, zergatik, ikasturteko garai honetan, heldu diozuen ebazpenaren irizpideari.

Honek guztiak, denbora galtze bat eragiteaz gain, ezinegona, harridura eta haserrea sortu du eskolako komunitatean, irakasle zein familiengan. Eta gurekiko errespetu falta nabaria izan dela uste dugu.

Bestalde, abenduko bilera hartan adostu genuen bigarren puntuaren inguruan, egun ez dugu inolako erantzunik jaso. B zerrenda irekitzea adostu genuen, beste gauza batzuen artean, honek familia batzuei diru laguntza eskuratzea ahalbidetzen zielako, nahiz eta horretarako epea itxita egon. Bilera ezberdinetan eskatu zitzaigun B zerrenda irekitzea, esanez, diru laguntzetarako epe berezi bat irekiko zela eta azpimarratuz familia horiek diru-laguntza horiek jasotzeko eskubidea bestela nolabait ukatzen ari ginela ikastolatik.

Maiatza hasieran gaude eta familiek jaso ditzaketen diru laguntza hauen berririk ez daukagu oraindik, nahiz eta guk adostu bezala, eskaerak bideratu genituen.

Bilera guztietan ebazpena aipatu zen, baina dekretuan bertan agertzen diren salbuespenak kontutan hartuko zirela ere aipatu zen, ikasleei dagokien laguntza emateko. Zergatik ez dira kontutan hartu salbuespen horiek? Zergatik luzatu da hainbeste erantzuna?

Hezkuntza Sailburuordearen Ebazpena 2022-2023 ikasturte hasierarakoa aintzat hartuta:

Ikasturtean zehar laguntzetan izandako intentsitate-aldaketek, egindako ebaluazio psikopedagogiko berriek, edo ikasle berriak sartzeak ez dute ekarriko aldez aurretik planifikatutako eta ikasturte hasieran esleitutako baliabideak berrikustea, ezarritako prozeduraren arabera justifikatutako salbuespenak salbuespen.

Eskertuko genizuke, egiten ditugun eskaerei eta galderei zintzotasunez erantzutea.

Adeitasunez

Langile Ikastolako OOG

Buscar