Josetxo Mendia

Iruña-Veleia: Arabako Aldundiak irainduz eta gutxietsiz erantzun du

SOS Iruña-Veleia eta Iruña-Veleia Martxan elkarteek jarritako salaketaren aurrean, Aldundiak iraintze eta deskalifikazioan baino ez du oinarritu bere erantzuna, elkarte hauek negazionistatzat eta konspiranoikotzat hartuz.

Aipatu salaketa harresiaren sendotze lanetan hondeamakina neurririk gabe erabiltzeagatik jarri genuen. Sendotze lan hauek egiteko, hiru metro zabal eta metro beteko sakonera duen lubakia zabaldu dute harresiaren barnealdean. Horretaz gain, ate txikiaren inguruan, hamar metro luze, sei metro zabal eta 3,5 metro sakon duen «indusketa» bat burutu dute. Hori guztia hondeamakina soilik erabiliz.

Geografia eta Historian Doktorea den Xabier Gorrotxategiren txostenak dioenez, hau ezin daiteke arkeologia lan gisa hartu, aztarnategiko zati baten suntsiketa gisa baizik.

Harresi honi atxikita hainbat eraikin daude, 1975 urtean Elortzak eginiko indusketetan, eta ondoren Lurmenek burututakoetan, agerian geratu zen bezala. Hauek guztiak suntsitu dituzte, hondeamakinak azaleko lur geruza baino askoz sakonera handiagoa zulatu baitu.

Auzitan dauden grafitoei froga arkeometrikoak egitea eskatzen dugu (termoluminiszentzia, karbonato kaltzikoen analisia, C-14), behingoz beraien benetakotasuna ala faltsutasuna argi dadin. Aldundiaren erantzuna epaiketa bat egin dela esatea izan da, epaia errekurrituta badago ere.

Epaia aztertutako piezetan metal modernoen arrastoak topatu izanean oinarritzen da. Inoiz ez da horrelako metodorik erabili pieza arkeologiko baten benetakotasuna argitzeko. Are eta gutxiago pieza hauei lekuko eta kontraste frogarik egiten ez bazaie, epaiketan zehar argi geratu zenez.

Lekuko frogak, balekotzat emandako beste aztarnategiko piezetan, metal modernoen zenbait arrasto daudela esaten digu. Metal mota pilo bat atxiki daitezke garbitze, behatze, garraio eta abarreko lanetan. Zeramika puska bat hartu eta gainean grafito bat eginez, ikus daiteke zenbat metal arrasto uzten duen bertan. Albisu geologoak epaiketan adierazi zuenez, Iruña-Veleiakoek dutena baino hamar bider gehiago. Hori da kontraste froga.

Hau dela eta, errespetu gehiago eskatzen diogu Aldundiari. Baita gatazka hau bide zientifikotik argitu eta guztion altxorra den Iruña-Veleiako aztarnategia irizpide arkeologikoekin industu dezala ere.

Buscar