Pedro Luis Ortega Moral

Iruñea, Magaluf berria?

Kanpotik Iruñera bizitzera etorri nintzenetik, Alde Zaharra auzoko giro jatorrak guztiz liluratu ninduen. Ez nuen zalantzarik izan: Bertan bizitzea erabaki nuen. Alokaturiko pisu batean urteak eman ondoren, orain dela zazpi urte aurrezturiko diruarekin nire etxe propioa erostea pentsatuta, nik alde zaharrean, bertan egindako lagun zoragarrien artean, bizitzen jarraitu nahi nuela garbia nuen.

Lau urte beranduago, a ze poza auzoan! Aldaketarako udaletxe berri honi izugarrizko harrera eman genion, itxaropenaz beterik, hortik aurrera herritarrentzako auzoa aldarrikatu dugun guztioi entzungo digun korporazio bat izango genuelakoan.

Orain dela egun batzuk, Unzu zen eraikin horretan 300 lagunentzako ostatua sortu nahi dutelako berriarekin gosaldu genuen. Enpresa erraldoi baten proiektua, hain zuzen. Baina zein demontre da Udal honek Iruñearako duen eredua? Ez ote dute Udalekoek turismo masibo horrek beste hirietan sorturiko arazoei buruz entzun? Gure ordezkariak hain inozoak izan daitezke? Abaurrea jauna, alkate, Cuenca jauna, zuetariko norbait Alde Zaharrean bizi da? Auzokideen bizi-kalitateari kalte egiteko prest zaudete, akaso? Erabakietan hiritarren parte-hartzearen aldarrikapena, kanpainako mezu hutsa baino ez zen? Ehundaka gazte mozkortuak geure karriketan pixa egiten, oihukatzen, telebistan ikusi ahal ditugun bezalakoak geure auzora ekartzeko asmoa duzue, benetan, auzoan inor biziko ez balitz bezala? Beraneante, gaztedi iskanbilatsu eta solteria agurtu nahi dutenentzako komertzializatu nahi duzue auzo eder hau?
Udaleko arduradun hauek, gelditu momentu bat. Hartu duzuen erabaki hau berraztertzeko arren eskatzen dizuet, oraindik Alde Zaharreko biztanleei entzuteko garaiz zaudete eta. Horrelako ostatuetan Mediterraneoko udaletatik botatzen hasi diren turista horiek etorriko direla garbi izan. Orain arte pazientzia handia izan dugun biztanleek zeure erabakiaren ondorioak sufrituko ditugu. Ez du gure auzoak holakorik merezi.

Buscar