Itogarria
17:59. Estututako hazpegiak gure dendarien aurpegietan, haien begiak erlojuen orratzetara itsatsita aurreranzko joera etengabeak mehatxatuta… Zer izango da ba hainbeste kezkatzen zaiena? Bat-batean atetik beste lagun bat agertzen da, baina dendariak barkamena eskatzen dio ezin diolako pasatzen utzi. Izan ere, denda guztiak seietan itxi behar dute! Errege Magoen bezperan! Txantxa ote da? Seietan ixtea ez da bidezkoa! Denda txiki gehienei izugarri kostatzen zaie salmenta onak edukitzea, eta gehien saltzen duten denboraldia Gabonak dira. Gainera, despistatuok azkenengo momentuan joaten garenez, berdin zaigu zer erosi; are gehiago, batzuetan gehiegi erosten dugu estualdiak sortutako kezka dela eta. Beraz, hainbeste hilabetez gorriak ikusi dituzten saltzaileak neurri hutsalekin itotzea bidegabekeria galanta da. Ulergarria izan daiteke tabernak seietan ixtea, haiek musukorik gabeko eremuak sortzen dituztelako; hala ere, dendetan musukoaren erabilera derrigorrezkoa da. Ondorioz, ez dut ikusten inolako arriskurik ordutegi murrizketak abian jartzeko. Neurriekin eguneratu ezinik gauden bitartean, ez dugu ezta haien zergaitia jasotzen. Ito egingo bagaituzue, esaiguzue zergaitik behintzat.