Irene Ezkurra Eriz

Izan sistemak nahi duena, horrela sistemak ez zaitu zapalduko

Urduri zaude, azkenaldian ez duzu lo askorik egin, lagunak ere apenas ikusi dituzu. Esku batean ia ez zaizu azazkalik gelditzen, eta bestea zauriz beterik daukazu. Aspaldidanik apuntatuta daukazu egun seinalatua agendan, ahaztuko balitzaizu bezala, eta irakurtzen duzun bakoitzean urduriago jartzen zara, baina badakizu, tokatzen da ta listo, onartu beharra dago. Zure gurasoek ere berdina egin zuten, irakasleek, baita zu baino zaharragoak diren lagunek ere, bizitzaren zikloa da, noizbait tokatu beharrekoa, eta noski, aurtengoan zuri tokatzen zaizu. Bai, selektibitatea dator.

Badator kurtso osoan zehar memorizatu duzuna botatzeko eguna, irailetik daramazu azterketa hau prestatzen, azterketak ere honi bideratuta joan dira. Badakizu, zure etorkizuna jokoan dago, ezin duzu hutsik egin.

Kontuz, ordu gutxi batzuk besterik ez dituzu, aprobetxatu ondo denbora eta idatzi ahalik eta gehien, bota dakizun guztia, baina ez idatzi gehiegi ere ez, liburuan agertzen denarekin nahiko.

Badator lengua españolako azterketa, B eredua aukeran, generación del 27, gaitzerdi. Ondo erantzun galdera: Lorca, Alberti... saiatu inor ez ahazten. Zuk badakizu honen atzean hainbat emakume ere egon zirela, baina ezta okurritu ere hori idaztea, margenetik ateratzekotan puntuak jeitsiko dizkizute eta.

Azterketa amaitu eta klasekideengana hurbildu zara, aurpegi ilunen bila, ea zuk baino nota baxuagoa ateratzen duten, arrisku bat gutxiago horrela. Badakizu, lehia lehia da.

Historiako azterketa orain, 11. testu iruzkina, toma! Klasean 8 aldiz egin duzu, txupau. Azkar, hasi idazten, ez pentsatu ondo edo txarto dagoen, buruz dakizu irakasleak irakurri nahi duena, urte osoan zehar memorizatu duzu, orain botaka egitea baino ez zaizu falta.

Hurrengo azterketa hasi aurretik azken oharrak birpasatu dituzu azkenengoz: gogoratu, ez arriskatu, ez pentsatu zure kabuz, ez borrokatu, ez saiatu ezer aldatzen. Gogoratu, izan sistemak nahi duena, horrela sistemak ez zaitu zapalduko.

Buscar