Karmele Aierbe

Kaixo Xabi!

Borroka kide, lagun, adiskidea …

Ez zaidak batere erraza egiten hiri agur esatea eta gutxiago hitz hauek hire ondoan egoteko aukerarik gabe nagoenean, baina oso gertu sentitzen haut.

Izan ere, ziur nagok, ondo egon bahintz, Madrilen, gure epaiketa gertutik jarraitzen eta babesa ematen izango hindugula. Horrelakoa haiz eta izan haiz Xabi! Bejondeiala!!!

Arrondon sortua eta hezia. Zuztar sakonekoa, ibiltaria…  lanean jarraitu duan nekaezina.
Gaur, hire familia, lagunak, herria… San Martingo plazan, hiri Agur egiteko eta agur esateko elkartu gaituk.

Hi ere, hamaika aldiz, euskal gudarien eta lagunen aldeko agur omenaldietan parte hartutakoa haiz. Gaur, hitaz eta hik egindako lanaz eta borrokaz arro gaudelako, hi omentzeko eta agurtzeko elkartu gaituk.

Hire herriko Plaza, jendez lepo zegok, maite haugun guztiok hemen gaudek hire ondoan eta etorri ezin dutenak ere oso gertu sentitzen dizkiagu.

Xabi, hire omenez negar egin diagu,  aurpegi serioak zauzkagu, baina, hik heuk ere sekulan galdu ez duan irribarrea, guri ere gaur ez zaiguk galdu.

Irribarrea bai! Gure herri zahar honen askatasunaren aldeko borrokan aurrera egiten lagundu digun ipar orratza!

Baina, hik ondo dakik, Euskal Herriaren alde borrokatzeak zer nolako onurak eta nahigabeak ekarri ohi dituen. «Asko maite duenak asko sufritzen du» ziok abestiak.

Borrokalari askori gertatu izan zaion bezala, hiri ere,  errepresio gordinaren sufrikarioa eta tortura bizitzea tokatu zaik. Euskal herritik kanpo errefuxiatu eta estatuko espetxeetan egindako urte luzeak, etab.

Gogoratzen nauk, espetxetik irten hintzen eguna eta egindako herri omenaldia. Indartsu eta gogoz betea iritxi hintzen herrira, hire herrira. Eta Euskal Herriko egoera zer nolakoa den ikusi eta berriz ere, garai zail eta gogorrak izan arren, kikildu gabe, borrokan aurrera egiteko ahalmena eta borondatea erakutsi higun.

Euskal Preso eta errefuxiaturik gabeko Euskal Herria aske, Independiente eta Sozialista izatea eta irabaztea helburu huelarik, Herriaren aldeko Borrokan nekaezina, kide eta laguna izan haugu.

Lortuko diagu Xabi! Jende zoriontsua, inoren esku hartzerik gabe, herri libre batean bizitzea!

Xabi! Eskerrikasko, gure herriaren askatasunaren alde egindako guztiagatik, Euskal Herria aske ikusi arte ez diagu etsiko eta irabaziko diagu!

Ez haugu ahaztuko!

Agur eta ohore!  

Egun handira arte!

Buscar