Kale zurruta ofiziala
Ez genuen aire librean autoen leihatilak zabaldu reggaeton-a entzuteko, eta mokorrari eragiteko, ezta plastikozko edalontzirik, eta beirazko botilarik lurrean utzi ere, zer ganorabakoak garen aldarrikatzeko, baina aukera izan genuen bertako tabernan lasai asko edateko, eta apur bat ikaratuta, sekulako jendetza batzen ikusteko. Hori bai, tarteari eusteko antolatzaileek ahalegin itxurak egin zituzten, paretetako arrastoetan bezala, marra gorria gaindituta zegoela jabetzeko, eta ikusarazteko gure politiko profesionalek zer nolako ardura txikia erakusten duten erabakiak hartzean, dirua tartea baldin badago. Izan ere, musukoa kokotsean apaingarri zintzilikatutako askori behin eta berriro parada ederra eman zion jokoaren distirak nork bere gustuaren alde ahoa zabaltzeko, eta birusa Sopelako frontoian inolako erreparorik barreiatzeko. Altunak eta Ezkurdiak emaniko ikuskizuna ederra izan zen, baina hurrengo batean etxeko besaulkian lasaiago eta ziurrago ikusiko dut, baloreetan eskuma bakarrik erabilita, joko onik ezin espero daiteke-eta.