Kartzela-zigor berria Aretxabaletako Ostalaritzari
Berriro ere prebentiboki eta epe mugagabez gatibu gaude. Azken hilabeteotan jasandako etengabeko espetxeratzeak nahikoak ez, eta oraingoan berriz ere, azken askatasun arnasa hartzen hasiak ginela preso eraman gaituzte. Gatibu, joan etorri hauek gure emozioetan, gure bizi baldintzetan eraginik izango ez balute bezala. Justiziarekiko, Zuzenbidearekiko eta orokorrean Sistema osoarekiko ikuspegi aldaketa bat sortuko ez baligute bezala. Nola erregu egin, dei egin enpatiari, ulertuak izateari, herritarren eta Estatu osoaren konpromezuari? Jarri dezagun adibide gisa, espetxe-zigor prozesu bat. Pertsona, entitate, etab. bat salatua, ikertua eta errudun izatearen ebidentziak aurkeztuz gero, epaitua izango litzateke. Errutasuna ziurtatuko luketen nahikoa arrazoi baleude, kondenatua izango zelarik.
Gatibuak bere zigorra beteko luke eta jarrera kontutan hartuz kondena murrizteko aukeraz gozatu. Guzti hau birgizarteratzean oinarrituriko eredu baten oinarrituz. Estrapola dezagun kasu hau Ostalaritzara. Hilabeteak kartzela etxe gisa inposatzen, askatasuna debekatzen, eta pandemiak sortu dizkigun barne tentsioak arintzearren, dosi txikietan “diru-laguntza” deituriko lasaigarriak ematen.
Ez dugu paliatibo gehiagorik behar, lerro hauetan barne murgilduta daudenei, bizitzen uzteko eskatzen diegu, libre arnasten uzteko. Bidali iezaiozue gizarteari gure sektorearenganako konfiantza duzuenaren mezua, gure birgizarteratzean sinesten duzuela. Ostalaritza, gaur egun, ez da infekzioen arreta foku.
Bete du, soberan, espetxe-zigorra eta egungo bizimodura guzitz egokitua dago. Ez erabili, arren, gure etengabeko espetxeratzea pandemiaren irenbide gisa, lasaitze sozial gisa, seguruago sentitzeko premia dutenen lasaigarritzat. Ez behintzat ekitaldi sozial eta kulturalak egiten jarraitzen diren bitartean, hauen birusarekiko prebentzioa urruti baita gureagatik.
Berriro ere, Aretxabaletako Ostalariak preso jarraitzen dugun bitartean, oraingoan brote FOKALIZATU batengatik, birusak gogor jotzen jarraitzen du. Ez gaitzazue koma prozesu sakon eta iraunkor batera bultzatu, zuen eskutik eskegirik, dingilizka legez, baitago gure izatea.
Mesedez, arren, hausnar ezazue!!