Josu Jimenez Maia | Idazlea

«Karutrot»

«Torturak berdin dirau, lurra txikiagotu den arren, / dena hementxe bertan gertatzen dela ematen duen arren. / Ez da deus aldatu (…)»

Wislawa Szymborska poloniarraren olerki baten zatiak dira. Duela hogei urte Nobel saria eman ziotenean, beste olerkari poloniar ezagun batek, Czeslaw Milosz-ek, adierazi zuen Wislawa Szymborska, kontzientziaren poeta izanik, gai izan dela jende desberdin askorengana heltzeko. Horrela agertzen da jasota Euskal Idazleen Elkartearen Hegats aldizkari zahar batean, Wislawa Szymborskaren bederatzi olerkiren itzulpenekin batera, besteak beste, Torturak olerki ezaguna; poema hori oinarritzat hartuta, bideo hunkigarri bat egin zen hemen, Euskal Herrian, 2009an, eta bertan torturak pairatu dituzten hainbat euskaldunek irakurri zuten Wislawa Szymborskaren olerki hori.

Europako poesiarik onena han egiten omen da, Polonian; ez dut uste, haatik, Espainiako poliziek eta goardia zibilek Poloniako poesia maite dutenik. Nolanahi, Wislawa Szymborska bilatu eta atxilotzeko agindua eman aitzin, jakin bezate Krakoviako hilerrian datzala duela lau urte hil zenetik; nekez jarriko dizkiote eskuburdinak, nekez deklaratzera deituko iraintzeagatik, nekez aita, ama, anaia gaztea eta lagunak atxilo eramango.  

«Aztnugal» sinatu zuen bortizki torturatua izan zen gazte nafar batek, nik «Karutrot» idatzi dudan gisa berean… Eta hori ez da poloniera.

Buscar