Kexa
Egunero makina bat dei egiten dugu arrazoi ezberdinengatik: autoa martxan ez dabilelako, garbigailua izorratu delako edo lagun bat zoriontzeko, esate baterako. Beharrezkoa da telefonoa. Eta batzuetan hil ala bizikoa ere bai.
Imajinatu zure etxean ondoezik sentitzen zarela eta telefono linea ez dabilela. Imajinatu larri dagoen lagun bat etxean duzula eta telefono linea ez dabilela. Imajinatu, 112ra deitu, anbulantzia zu artatzera joan, eta sorosleak medikuari ezin diola deitu telefono linea ez dabilelako. Imajinatu angustia hori.
Guk ez daukagu imajinatu beharrik, azalean bizi izan dugulako. Izan ere, XXI.en mendean sinesgaitza iruditu arren, Bedaion (Tolosa), telefono finkoa izorratuta egoten da hirutik bitan, azpiegiturak ez direlako behar bezala zaindu eta telefono konpainiaren aldetik utzikeria handia dagoelako. Eta gainera, ez dago ia estaldurarik. Egin daitekeen dei bakarra 112ra da.
Landa-eremuko herritarren bizi-kalitatea helburu, Tolosako Udalari edo dagokionari, eskatzen diogu beharrezkoak diren neurriak hartzeko eta Bedaioko komunikazio-azpiegituraren sarea behin betiko konpontzeko.