Klasera buelta, zein baldintzatan?
Lehen ministroak eta Hezkuntza ministroak maiatzaren 11tik goiti ikastetxeetara ikasleen «mailakako itzulera» abiatuko dela aitzinatu berri dute. Eta ikastetxeetara itzultzeaz mintzatzen gara eta ez lanaren berriz hartzeaz, zeren eta konfinamendu garaian lana ez da eten: irakasle eta ikasleak telelanean aritu baitira etengabe.
Itzulera horretarako Gobernuak emandako «irtenbideen» artean hauxe atzeman daiteke: hesi-neurriak zaintzeko asmoz, gelak gehienez hamabost ikaslera mugatuko dira... jakinda kolegioetan batez beste 30 ikasleko gelak direla eta ondoko sartzean holako kopuruekin lan egin beharko dugula, hain segur.
Kolegioan, klasea bitan zatituz, irakasleek kurtsoa bi aldiz egin beharko dutela suposatzen da, eta telelanean geratzen diren ikasleen jarraipena ere segurtatu beharko dute. Beraz, hiru lanpostu bete beharko ditu irakasle bakoitzak!
Agian, ministroek lantaldeak indartzeko xedea dute? Bai zera! Berdin gertatzen da lokalen kudeantzaz arduratzen diren langileekin: garbiketa segurtatu beharko dute egunean zehar etengabe... baina zein bitartekorekin?
Seaskan ondoko urtea prestatzen hasi beharra dugu, oraino oren dotaziorik jaso izan gabe. Aldiz, azken urteotan gertatu bezala, badakigu gelak kopuru handiekin lan egin beharko dugula.
Horregatik, aitzinatuak izan diren neurriak salatu nahi ditugu; batetik, ez baitituzte egoera ondo kudeatzeko ezinbesteko beharrak kontuan hartzen eta, bestetik, ez baitituzte 15 ikasleko gelak antolatzeko baliabideak ematen.