Juan Luis Mugertza Unanue

Komisario Montalban

Zuk aukeran artikulua gazteleraz idaztea nahi izango zenuke, ezta? Badakizu zergatik esaten dizudan hau?, zure gaineko informazioa (zenbat detektibe dagoen!) topatzen nengoelarik, zure bigarren abizena Goicoechea idazten duzulako; horregatik, bakarrik. Baina, tira, hori gutxienekoa da. Lehengoan, aukera izan nuen zuk idatzitako "La osadía de Otegi" ("Deia") artikulua (polizia nobela ere, izan zitekeen) irakurtzeko, eta txundituta utzi ninduen zure estiloak. Ez nuke jakingo noren eragina antzematen den zure prosan. Agian Mario Vargas Llosarena? Errealismo majikoarena? Ez dakit, baina oso oldarkorra iruditu zitzaidan, eta zuzena. Lehenengo momentutik ikusten da ez duzula maite inguru-minguru ibiltzea, eta horrek eskertzen du irakurleak, eta entzuleak. Izan ere, zu idazlea izateaz gain, esataria ere bazara Lapitzen programan ("En Jake"), ezta? Nik programa horri beste izen bat jarriko nioke: «Todo queda en casa», edota «Entre amigos», esaterako, baina ez egin kasu handirik. Ez dakit jabetzen zareten, baina pribilegiatu batzuk zarete: sekulako aukera duzue pulpitutik predikuak zabaltzeko, eta gizaki batzuen portaera okerra zuzentzeko, eta hori oso ondo adierazten duzu artikuluan bahiketak, hiltzaileak, espetxeak, ezker abertzaleak (hauen gainean mintzatzean, gazteleraz «aglomeración de desalmados», euskaraz, gizagabeko taldea erabiltzen duzu), eta nola ez, Otegiren gainean hitz egiten duzunean. Torturak, sakabanaketa, eta gaixotasun larriak dituzten presoena ez duzu aipatzen, baina, tira, horrek ez garrantzi handirik kontestuan.

Hori bai, euskal gizartearen zatitxo garrantzitsu, eta handi batez ere, mintzatzen zara. Ez duzu sindromearena zuzenean aipatzen, baina, zure ustez, gaixotasunaren batek jota daude, eta ez dira bat ere ausartak, eta ez dute merezi abertzale etiketarik merezi. Antzematen da gaia gogoko duzula, eta bihotzak eskatzen dizula barruko behazuna kanporatzea, eta hori eskertzekoa da. Halarik ere, zertzelada bat baino ez da, zuk nik baino askoz hobeto jakingo baituzu zergatik ez duzun erabili, baina nik testuinguru horretan zure abizen bereko Manuel Vázquez Montalbán idazleak bere polizia eleberrietan hiltzailearen arrastoa topatzeko, kondenatzeko, eta ongi etorriak, behin betiko, alde batera uzteko, eta ez egiteko, Pepe Carvalho polizia burua ere erabiliko nuke. Horrek X horren atzean oraindik argitu gabe dagoen misterioa argitzeko lagunduko zigun, eta sekulako zama arinduko genuke batzuok. Baina, tira, hori ideia bat baino ez da. Eutsi goiari (honela esaten dugu euskal herritarrok; barkatu, Euskadikook, orain modan jarri duzue eta), eta segi idazten, baduzu nork irakurriko dizun eta.

Buscar