Kutxabanketik diruaren %10 atera ekainean
Errege borboiak, Europako hauteskundeen emaitza ikusita, hilabete batean abdikatu, ordezkoa jarri, behar diren dekretu eta lege guztiak egin eta, beste 40 urteetarako oparia utzi digu!
Modu berean, Kutxabankek, gizartea pribatizazioaren kontra jarriko dela aurreikusita, hilabete honetan aurrezki kutxak desegin eta erakunde pribatu bihurtu nahi ditu BBK, Kutxa eta Vital, ziztu bizian!
Txiki Muñozek ondo esan zuen moduan, erabaki ekonomiko hau azken 30 urte hauetan hartu den larriena da. Izan ere, kontzertu ekonomikoa galtzearen parekoa da.
Europak behartzen gaituela dioskute baina ez da egia, Alemaniako, Frantziako eta beste herrialdeetako kutxa publikoak pribatizatzea behartzen ez duten bezala. Gainera, behartu nahi bagintuzkete ere, euskaldunok noiz onartu dugu besteak baino gutxiago izatea? Nola onartuko dugu lege desberdinak egotea Europan?
Gure Esku moduko herri mugimendua sortu beharra dago, herriz herri eta auzoz auzo. Ziur gaude EAJko, PSOE edo PPko boto emaileek ez dutela herritarrei bere ondasun preziatuena lapurtzea nahi. Orain sindikatuek eta hainbat elkarteek manifestazio batera gonbidatu gaituzte 21ean. Ez dugu hutsik egin behar! Baina askoz gehiago egin behar dugu!
Herriz herriko batzordeak eginez gero ehunka ideia atera daitezke. Zergatik ez ekainean Kutxabanken dugun diruaren %10a atera? Eta pribatizazioa aurrera badoa, hilero beste %10na, urte batean dena atera arte?
Urkullu, Barcinak eta Sanzek bezala jokatuko duzu? aurrezki kutxa barik utziko gaituzu?