Aritz Soloeta Garmendia | Otxandio

Luzia Urigoitia Ajuria ‘Lutxi’

Aurpegi biribil, lente haundiko betaurreko beltz eta ileordea zeramala zirudiela. Horrela gogoratzen dut lehengusuekin batera, Mirugaingo baso barrenetik ebatsi genituen enborrekin lehiatzen ari nintzela, goiz hartan hurreratu zitzaigun emakume edadetua. «Entzun al duzue irratiak plazaratutako azken berria? Badirudi poliziarekin izandako tiroketa baten ondorioz Genoren alaba hil dela. Tiroketa Pasaiako etxe bizitza baten gertatu dela ere esan dute, antza denez guardia zibil eta ETA-ko militante batzuen artean». Herrian iskanbila handia sortu zen. Baita gure etxean ere. Aitaren iritziz herriko jaiak egun horretan bukatu ziren. Azken jai egunean zapia erretzea debekatua zegoela ohartarazi zidan. Ez nuen azalpen gehiagorik jazo. Bederatzi urteko haur baten ulermen gaitasunak bete izango zituen orduan sortu izan zitzaizkidan hainbat hutsune. …estozuz ikusi aitita-amamatxuak euren aurpegi tximurrak, urteko ilobatxu guriari laztanka zirela, arnaz barik, lurrian etxunda? Plaza artan ezpazan besterik nere seme-alaben garaun zatiak, izter ebagiak, este mutxikinak, enaz ixango ba negarez!!... 1936.urteko abuztua. Hitz hauekin azaleratu zuen luzera, Otxandioko fronteari jarraipen berezia egingo zion eta Otxandioko bonbardaketa hurbiletik bizi izan zuen kazetariak. Lutxi, guda krudel hura beste parametro batzutara eramanda zegoela etorri zen mundura. Umetan bihurri samarra izateaz gain eskuzabaltasunak deskribatzen omen zuen ondoen Lutxiren benetako izaitea. Nikaraguan egindako egonaldiaren ondoren, bertan arnastutako askatazun aiseak Euskal herri osora hedatzeko determinazioarekin itzuli zen herrira. Eta horrek eraman zuen gaur, hogeitabost urte igaro diren egun honetan bere azkenera. Andikona plazako bonbardaketa burutu zuten borreroei Euzkadi egunkariko kazetariak zuzendu zizkien hitz hauek nireak egiten ditut, Lutxi erahil zuten guardia zibilei zera gogoratzeko «ez daukak biotzik anker orek, obeto esateko biotza bai, bana zelakua! Gorotuagaz gogortua, ila eta otzitua»…izan ere Espainiako agintari, guardia zibil zein indar militarren askatazunaren benetako ustea, berau defendatzeko urteetan bere bizitza emateraino borrokatu izan ziren Euskal militanteena baino askozaz urriagoa dela ziurtasun osoa baidaukat.

Buscar