Ruben Sánchez Bakaikoa | Gasteizko eskola publikoaren aldeko plataforma

#M25kolorebizia

Stop racial segregation oihukatu ahal dute Ipar Karolinako eskoletan, edo Brusela, Paris, London, Sofia, Madril, Girona, Basauri, Atarrabia, Arrasate, Baiona eta Gasteizkoetan. Gure hiriko kasuan guraso etorkinak dituzten umeen %83,1 sare publikoan ari da ikasten, bai eta, baliabide ekonomiko gutxiago duten familia gehienak ere. Badira gaur egun zenbait eskola umeen %100a familia etorkinen umeak dituztenak, eta beste hainbatek bide bera hartu dute. Gasteiz #Whitecapital ez da soilik neguko elurretako argazkiengatik.

Arazo konplexua da, ez da komeni sinplifikaziorik egitea ere. Gizartean egon badago arrazakeria, baita umetatik poltsiko, erlijio, hizkuntz-eredu eta abarren arabera «sailkatzeko» joera. Saltsa horri, ordea, erantsi behar diogu instituzioen utzikeria eta maltzurkeria. Gaur bertan Latinoamerikatik Gasteizera berriki etorritako bi amekin izan naiz, beren 11 urteko umeak A ereduko publiko batera bidali dituzte. Administraziotik esan diete umeek ezin izango dutela euskara ikasi, ezin dituztela D ereduan matrikulatu. Esan diet hori gezurra dela (ahaztu zait aipatzea: bi ama horiek euskara pixka bat ikasteko programa batean ezagutu ditut).

Batzuek pazientzia eskatzen duten bitartean, errealitate gordina da gero eta eskola gehiago ari direla guztiz segregatzen. Pazientzia eskatzen dutenek ez dute patio segregaturik begien aurrean ikusi, ezta ikusi nahi ere. Pazientzia eskatzen dutenei benetan axola al die gaiak? Edo zain daude eskola guztiak kolore eta poltsikoaren arabera erabat ordenatu arte, ondoren inor kexatuko ez delakoan?

Kanpotik datozen familiek barneratzen dute beraiei bakarrik egokitzen zaizkien etxebizitza, auzune eta eskolak daudela. Gero batzuek haien integrazioa aipatuko dute, haiek ez dutela ahaleginik egiten, haiekin alferrik dela saiatzea ere.

Helduon buru gehienak nahiko eratuta daude, gaizki, ondo, karratu ala dodekaedro, onerako zein txarrerako. Hor dauzkagu gure aurreiritzi, fobia, klase, genero... Baina zinez tristea da pentsatzea, biharko egunean zerbait hoberantz aldatu dadin, egungo umeen hezkuntzan zenbat muga ezartzen dizkiogun eskolari:

-Baliabide ekonomiko urriko familiei adierazten zaiena zera da: hori da zure auzoa, hori da zure eskola, hori da zure lekua, ez nahastu gurekin.

-Guztiz zuriak diren eskoletako umeei adierazten zaiena zera da: hau da gure eskola, hau da gure auzoa, hau da gure lekua, ez nahastu horiekin.

Maiatzaren 25ean mobilizazio bat egingo dugu Gasteizen, eskola publikoaren alde eta segregazioaren kontra. Beharbada gerra hau (ere) galduko dugu, baina oihuka eta irribarre batekin. Gure patioa inongoa baino alaiagoa izanen da.

Buscar