Oihana Esnaola | Debako zezenketen aurkako taldea

Maite ditugu Debako tradizioak, baita zezenak ere!

Guk ere maite dugu 14ko txapleroa, 15eko artisau feria eta 16ko erraldoi eta buruhandiak, maite ditugu Marinel Eguna, herri kirolak eta jorrai dantza, eta nola ez hain geurea den San Roke dantza (guztiok, gizon zein emakume ordezkatzen gaituenetik askoz gehiago, gainera!)

Guk ere maite ditugu animaliak, baina maite ditugu basati eta aske: maite dugu orkatzak antzematea hariztietan, katagorriak zuhaitzetan gora, erdi jolasean. Basurdekume marradunak amaren ondoan edo azeri iheskorrak behe laino artean... ez dago mendi-osteratxoa egiten dabilenaren begientzat opari ederragorik!

Edo bai: bada animalia bat botere berezia duena, indar magiko bat... gizakioi lilura neurrigabea, miresmena eta errespetu itzela, nolabait dena aldi berean, sorrarazten diguna. Luzaro egon gintezke bere azal beltz distiratsuari begira, irudimenaz bere gorputz gihartsu eta leuna laztanduz, bi begi ilun eta sarkor horietan zeharo galduta. Parez pare suertatuz gero, harrapatu egiten gaitu erabat, eta hurbildu ere egin gabe sentiarazten gaitu adar punta zorrotzetatik zintzilik, bere nahierara. Horrelakoxea da izaki beltz honen indar eta distira zuria.

Maite ditugu, beraz, zezenak. Debako tradizioari hain loturik omen dauden zezenak maite ditugu. Eta horrexegatik nahi ditugu tradizio makabro, gupidagabe eta gizatasun izpirik gabeko horren kate arantzatsuetatik askatu. Hain zuzen ere, zezenak maite ditugulako eta tradizioa maite dugulako.

Debarrak gara; gu ere bai. Zezenak torturapean hiltzen ikusita disfrutatzeak ez gaitu debarrago egiten, bihozgabeago baizik. Antzarra astiro-astiro pertsonaren zamaz hiltzeak lekeitiarrak harrotzeari utzi zion behin, polemika izugarriaren tartean, lehen bezain lekeitiar sentitzen dira orain. Tordesillasko zezena ez da gehiago herriaren ikur izango (Udalaren iritziaren kontra). Egun, zoologikoak  berdegune zabal ditugu, ez barrotedun animalia-espetxeak. Garaiak aldatu dira, sentsibilitatea aldatzen ari da, edo gune sakon horretatik bistatzen hasi zaigu. Azkenean, zorionez! Eboluzioa da, ez tradizioari traizioa, ez tradizioaren edo inoren aurkako gurutzada konspiratua!

Horregatik guztiarengatik, pare bat eskaera Udalari eta zenbait debarri:

–Udalari: Herria ordezkatu nahi duen ikur, irudi, artelan edo edozein sormen artistiko herrian iraunkorki jartzea aurreikusten denean, nahi genuke herri guztia ordezkatuko duen zerbait aukeratzea. Sentsibilitate desberdinak kontuan hartuko dituena. Horrekin, ez dugu, inondik ere, adierazpen askatasuna mugatzea eskatzen, bakoitzak beste inguru, gune, testuinguruetan nahi duena adierazi, margotu, kantatu baitezake!

–Zenbait debarri: Esan dugu lehenago zezenak maite ditugula eta, gure ustez, errespetua zor diegula. Esan gabe doa herritarroi ere, jakina, errespetua zor diegula eta, horregatik, gustura entzuten dugu edonoren iritzia. Saiatu zuek ere, mesedez, hori egiten eta gure adierazpen-bideak ez zapuzten. Utzi gure kartelak bakean, mesedez!

Animaliei ematen diegun tratuak neurtzen omen du gure gizatasuna. Abiatu gara bidean. Laster, bidegurutzean, guztiok topo egingo ahal dugu!

Buscar