Oier Azkarraga Grajales

Maite zaitut Goizane!

Kaixo Goizane!

Ez dakit eskutitz hau irakurtzera ailegatuko zaren, ez dakit zauden lekuraino helduko zaizun edo ez, nik ditudan bide guztiak erabiliko ditut horretarako eta horregatik hain pertsonala den eskutitz txiki hau publiko egitea erabaki dut.

Urteak dira ezagutu ginela, agian ez genuen hasierarik onena izan, ezta? Ez dakit nola gogoratuko duzun zuk garai hori, nik garai polit bat bezala gogoratzen dut nagusi egiten ari diren ume batzuen garaia. Ordutik gure bideak ez dira banatu.

Gazte engaiatu zinen, lotu ginen, herri honen aldeko lanari, antolakuntzari eta borrokari, esparru ezberdinetan baina bide berdina jarraituz. Berdin berdina, nik beti zure pausuak jarraitzen saiatu naizelako, niretzat erreferentzia izugarria izan zarelako. Zure konpromisoa, batzuetan enfermizoa ere izan den konpromisoa, liluratu nau betidanik.

Eta zer esango dut orain… burugogorra zara gero! Argi izan duzu hasieratik, kartzelatik irten zinen momentu beretik, Audientzia Nazionalak ez dituela euskal militanteak epaitzeko zilegitasunik eta beraz ez zara aurkeztu. Bide bat hartu duzu, bide errazagorik ere hautatu zenezake, baina hala izanez gero ez zenioke inoiz zure buruari barkatuko.

Beste 3 kiderekin batera hartu duzu bide hau, haien artean Unairekin, ke pasa Alakran!! Pou aguantatzea tokatzen bazaizu denbora honetan, jakin ezazu bide oso gogor horretan ere nire babes osoa duzula, koittadua zu…

Beste 36 kideek ere bide bat hautatu dute, konpromisoaren bidea beti ere, bere momentuan aukeratu zuten berdina eta horregatik ere euren ondoan gaituzte. Garai gogorrak datoz zuek guztientzat, bide guzti honetan beti gurekin kontatu ahalko duzue, edozertarako, edozein momentutan.

Gu ere elkartasunetik konpromisora igarotzeko hautua hartu dugulako, herri honetan sinesten dugulako, herri honetako gazteri iraultzailearen parte garelako, baina bereziki maite zaituztegulako, zuek lagun bezala zaituztegula esan ahal izateak harrotasunez betetzen gaituelako.

Zuek esan duzue gaur manifestazio ostean jarritako bideoan: borrokak merezi du, antolatzeak merezi du, ala ulertzen dut nik ere, seguraski zurekin hainbeste denbora pasatu dudalako prezisamente antolatzeagatik. borroka kideak izan gara eta horrek bizitza kideak izatera eraman gaitu.

Maite Zaitut Goizane! Badakizu, baina esateko beharra dut, maite zaitut! Beste guztiak ere Maite Zaituztegu!

Buscar