Maddi Alvarez, Donostia

Medikurik ez

Ostirala. Aspalditxo ondo ez, froga berezi baten zain, baina gaur bereziki gaizki. Bihotza paparrean saltoka, ero moduan. Azkenean, Bengoetxea kaleko Larrialdietara joan naiz, “Etengabeko Arreta Gunea” deitzen dioten horretara. 20:30ak. Sarreran nire egoera azaldu eta berehala esan didate «Hemen ez dago medikurik». Bi erizain bakarrik daude. Nahi gabe, burura etorri zait Laudion hildakoa... Elektro bat egin didate, baina horrelakoetan erabakimenik ez dutenez, ospitaleko larrialdietara eraman naute anbulantzian.

Ospitalera iristean, anbulantzietako langile talde bat zegoen kanpoan, bilduta. «Asanblada!» esan diot, brometan, nirekin zegoen anbulantziariari. Baietz esan dit, greban daudela, baina denak ari direla lanean, %100eko zerbitzu minimoak. Izan ere, urte osoa ematen baitute minimoetan lanean. Ezohikoa eta salbuespenezkoa izan beharko lukeen egoera, normaltasuna eta egunerokoa bihurtu da.

Barrura eraman naute, erizainek zaintzen duten gela handi horretara... Ez zegoen jende askorik, baina goizeko 1:30ean ikusi nau lehen aldiz mediku batek!

Eta han itxoiten ari zaren bitartean, zure osasunarekin kezkatuta, izututa ere bai, pentsatzen hasten zara: Zergatik ari dira medikuak kentzen larrialdi guneetatik? Zergatik tratatzen gaituzte horrela? Zergatik ez dago jende gehiago lanean, larri datozenak azkar artatzeko? Ez zaie axola jendearen ongizatea? Zergatik gehiago sufriarazi?

Orduan, gogoratzen zara zein diren Gobernuan daudenentzat gure herrian bultzatu behar diren «lehentasunezko arreta guneak»: ugarteko Hondalea (4 milioi), Metroa (200 milioi), AHTren estazioa (280 milioi), eta nola ez aipatu aukeratu duten arreta gune berria, Basque Culinary Center-a (24 milioi).

Zenbat mediku, erizain, anbulantziari, zeladore, teknikari, administrari edota osasungintzako bestelako langile kontratatu daitezke 508 milioirekin?

Buscar